Bizkaiko Batzar Nagusiko Ogasun batzordeak uztailaren 13an eginiko bileran EH Bilduk EAJri eskatu dio San Mameseko sabaiaren handitze-lanetan dabiltzan beharginen baldintzen inguruan azalpenak emateko. ELA eta LAB sindikatuek irregulartasunak salatu dituzte.
Jose Maria Iruarrizaga EAJko batzarkideak erantzun du Aldundiak ez duela “inolako ardurarik lan hauen inguruan, Athletic Club-a da lanak bere gain hartu dituena”. Gaineratu du lan-arloko ikuskaria bertan izan dela eta, sindikatuek esandakoaren aurka, ez dagoela irregulartasunik.
ELA eta LAB sindikatuek EH Bilduri esandakoaren arabera, estadioaren sabaiaren handitze-lanetan dabiltzan beharginek astelehenetik larunbatera egiten dute lan, 11 orduko lanaldian, eta igandetan zortzi orduko lanaldian.
EH Bilduko batzarkide Igor Isuskizak Aldundiari gogorarazi dio “estadioan egiten den edozein lan” ikuskatzeko aukera duela eta auzi honetan duen ardura baztertu izana leporatu dio.
San Mames Barriaren finantzaketan, 211 milioi euroetatik 50na milioi jarri zituzten Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Diputazioak eta Kutxabankek, Athletic-ek adina. Sabaiaren handitzea, ordea, taldeak berak ordaindu du –10 milioi inguru– eta Inbisa enpresari esleitu zitzaion obra apirilean.