argia.eus
INPRIMATU
Mikel San Jose eta Beñat Etxeberriak pairatutako eraso euskarafoboei erantzuteko kontzentrazioa deitu dute
  • Mobilizazioa deitu dute ostiralean eguerdian Bilboko San Mames estadioaren aurrean, "Euskarari erasorik ez! Kirolean ere euskaraz bizi nahi dugu!" lelopean. Horrekin Mikel San Jose eta Beñat Etxeberria Athleticeko jokalariek pairatu dituzten eraso euskarafoboak salatu, aurre egin eta bi jokalariei elkartasuna adieraziko diete.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko uztailaren 01
Gu ere bai plataformak zabaldu duen deialdia.

Mikel San Jose eta Beñat Etxeberriak beren agur oharra euskara hutsean argitaratu dutelako, ehunka eraso jaso dituzte irain eta mehatxu forman sare sozialetan. "Errespetu falta iruditzen zait, jar ezazu gaztelaniaz ez baitugu denok ulertzen euskaraz", "Ustel zaitezte baskongadoak asmatutako zuen hizkuntzarekin eta sineskeria paganoekin" edo "Ez dakit zer jartzen duen, baina gora GAL" egoera ilustratzeko balio duten adibideak besterik ez dira.

Horren aurrean, Gu ere bai plataformak elkarretaratzea deitu du. "Ostiral honetan kirolarien hizkuntza eskubideen aldeko agerraldia egingo dugu San Mames aurrean. Euskaltzaleak, kirolzaleak gure jokalarien alde agertuko gara. Euskararen aldeko mezuekin, ahoa maskarillarekin estalita eta ikurriñarekin", adierazi dute.

Mikel San Josek, kikildu barik, halako kontu garrantzitsuak bere ama hizkuntzan errazago ateratzen zaizkiola idatzi die, baita batua.eus itzultzaile neuronala gomendatu ere.

Azpian San Joseren aurkako erasoak eragin zituen mezua.

Mikel San Josek sare sozialetan zabaldu zuen oharra.