argia.eus
INPRIMATU
San Frantziskon bueltaka, Bilbon edo Kalifornian
  • Segurtasunak ez du zerikusirik ez sarekada arrazistekin, ezta miaketa masiboekin ere. Halako jarrerekin pertsona batzuk kriminalizatu eta ingurua are gehiago degradatzen ari dira, komunitate jakin batzuk seinalatuz eta komunikabide konkretu batzuen laguntzaz beti.

Ane Zabala 2019ko urtarrilaren 22a

Azken hilabeteotan nabarmen areagotu dira sarekada arrazistak San Frantzisko auzoan. Paretaren kontra ikusi ditugu gazte magrebtarrak, gauez, 30 bat lagunpoliziak inguratuta. Segurtasun falta eta arrisku hitzak ozen entzun dira; erantzuna poliziaren operazioak izan dira. Kantalojas zubiaren alboko horman “etorkin gehiegi” (sic) irakurri dugu, eta beste pareta batean, berriz, “atzerritar gehiegi gure hizkuntzarako”. Esaldi beldurgarri eta mezu arriskutsu bezain krudelak. Hormetan herritarren kezkak askotan irakurri izan ditugu, mezu eta aldarrikapenak, hormek ere hitz egiten baitute gurean. Sormenez batzuetan, eta zorrotz bestetan. Adierazpen askatasuna garesti dagoen honetan, betaurrekoak garbitu eta bi bider irakurri behar izan ditugu mezuok.

Badakigu San Frantzisko auzoa Bilboko erdigunean dagoela, auzoa ezberdina dela, aniztasuna dagoela eta munduko txoko ezberdinetako pertsonak bertan elkartzen direla. SOS Arrazakeriak argi adierazi du azken hilabeteotan: kolektibo jakin bat jarri dute jomugan Bilboko udaltzainek, gazte magrebtarrak. Baina oso bestelako iritzia du San Frantziskon sortu berri den auzo elkarteak. Udatik hona auzoan lapurreta gehiago dagoela eta egoera bizkor aldatu dela diote. Sinadura bilketa jarri dute martxan Change.org orrian, “Larrialdi egoera San Frantziskon” lemarekin. Bertan azaltzen dutenez, “segurtasun falta” handia eta “beldurra” dute. Udaltzainen eta ertzainen jarrera “txalotu” eta presentzia handitzea eskatzen dute. Auzo “segurua” izateko polizien kontrola eta lana handitzea nahi dute, funtsean. Ia lau mila sinadura batu dituzte dagoeneko. Aipatzen dute gertatzen ari denak ez duela arrazakeriarekin zerikusirik, baina mezu arriskutsuak ari dira zabaltzen, zer eta beldurra auzo konkretu batekin nahasten bada.

Denok dakigu Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoen argazkia nolakoa den. 2013. urtean Bilboko Udalak San Frantzisko kalean kamerak jarri zituen, kontrolerako, noski. Kontrol neurria kritikatua izan zen; telebistako reality saio batean bezala parte hartzeko gonbitea dugu bilbotarrok. Denborak argi utzi du kamerak bestelako mugimendu batzuk kontrolatzeko jarri dituztela. Orain denok daukagu kamera eskuan; gure sakelako telefonoan, eta hori ere baliatzen ari dira “SanFran auzokideak” elkarteko kideak. Sare sozialetan bideo eta argazkiak argitaratzen dituzte, eta bai, onartu beharra dago eszenak deserosoak eta penagarriak direla.

Segurtasunak ez du zerikusirik ez sarekada arrazistekin, ezta miaketa masiboekin ere. Halako jarrerekin pertsona batzuk kriminalizatu eta ingurua are gehiago degradatzen ari dira, komunitate jakin batzuk seinalatuz eta komunikabide konkretu batzuen laguntzaz beti. Justizia sozial gehiago, espekulazio gutxiago, baliabide gehiago, elkarbizitza gehiago, segregazio gutxiago eta berdintasun gehiago beharko da arazoari behar bezalako erantzuna denon artean emateko.

Baliabideen harira, Bilboko Udalak 562 milioiko aurrekontua izango du 2019an. Zenbat diru bideratuko du bazterketa soziala bizi duten pertsonak laguntzeko? Hutsaren hurrengoa. Udaltzaingoaren plantilla handitu, segurtasuna bermatzeko. Inbertsio erraldoietarako partida handiak ere joango dira. Bilbon langabezia tasa %15ean dago. Arazoa, beraz, ez da segurtasun gehiagorekin konponduko, ezta kamera edo kontrol gehiagorekin ere.

Zoritxarrez, San Frantzisko kaletik harago doa. Beldurraren eta arriskuaren atzean jarrita ez dugu ezer aldatuko. Ereduak horrelako egoerak biderkatzea bultzatzen du; ez Bilbon bakarrik, Europa osoan, baizik. Batzuk ondo bizi garen bitartean, munduko biztanleriaren erdia kriminalizatzen dugu. Gure etxe albora etorri eta ongi etorria eman gabe baztertu egiten dugu, zokora bidali, marjinatu. Hormak erabiltzen ditugu salatzeko, gehiegi direla, geure gehiegikeriez ohartu gabe. Larrialdi egoeran gaude. Bilbon gara, ez Kalifornian.

Iritzi artikulu hau El Saltok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.