Eraso sexisten aurrean “inplikazio aktiboa” eskatu du Udal Gobernuak. Kaleratutako oharrean adierazi du eskura dituen “mekanismo guztiak” abiaraziko dituela haiek geldiarazteko.
Udalbatzarrak aho batez onartuta, uztailaren 7ko sexu erasoaren epaiketan akusazio partikular gisa aurkeztuko da Iruñeko Udala. Ohar batean adierazi duenez, “praktika hauek errotik ateratzea” da Udalaren lehentasuna, eta zehaztu du eskura dituen “errekurtso eta guztiak” erabiliko dituela erasoak saihesteko.
Kaleko kameren fotogrametako irudiak erasotuak eginiko deskripzioarekin bat etorri ostean atxilotu zituzten bost erasotzaileak. Epaiketa egin bitartean, fiantzarik gabe kartzelaratuta daude. Guardia Zibila da erasotzaileetako bat; beste bat, militar profesionala. Orain, haien aurka egingo du Udalak.
Gertakarien nondik norakoak jakiteko, atxiloketetan parte hartu zuten agenteekin batzartu da Joseba Asiron alkatea. Udaltzaingoak eta Foruzaingoak elkarlanean egin zuten operazioa; bi erakundeak zoriondu ditu Asironek.
“Izurri honen aurkako borrokan” Iruñeak erreferentzia izan behar duela adierazi du alkateak. Hala, herritarrei dei egin die erasoen aurrean “inplikazio aktiboa” izan dezaten. Bestalde, biktimei laguntza soziala eta lege aholkularitza bermatzeko konpromisoa hartu du.
Hiru atxilotu asteburuan
Bestalde, Iruñeko Udaltzaingoak hiru lagun atxilotu ditu asteburuan, sexu erasoak egitea leporatuta. Beste pertsona bat ere atxilotu zuten, sexu erasoak jasan zituen emakume baten bikotekideari jotzea egotzita.
Iruñeko Peñek elkarretaratzea deitu dute astelehen arratsaldean Gaztelu Plazan, eraso horiek salatzeko.