argia.eus
INPRIMATU
Sanferminak bertan behera utzi ditu Iruñeko Udalak hurrengo urtera arte
  • Iruñeko Udalak jakinarazi berri du 2021 urtera arte ez dela Sanferminik izango, koronabirusagatik. Ana Elizalde jarduneko alkateak jakinarazi du erabakia astearte honetan.

     

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 21

Ana Elizalde Iruñeko jarduneko alkateak iragarri du 2020ko Sanfeminak bertan behera geratuko direla koronabirusaren pandemiagatik. Peñek eta merkatari askok ziurtzat jotzen zuten erabakia, eta astearte honetan baieztatu egin du Udalak, zerbitzu juridikoei txostena eskatu ostean, argitzeko ea nork duen jaiak bertan behera uzteko ardura, alkateak edo osoko bilkurak.

Azkenik, jarduneko alkateak iragarri du, Enrique Maya alkatearen izenean, hau oraindik ere koronabirus gaitzetik berreskuratzen ari baita.

Ikusita zein den pandemiaren eragina oraindik ere Euskal Herrian, ikusteko dago uztail hasieran zein izango diren osasun agintariek erabakiko dituzten neurriak. Hala ere, aurreikustekoa zen mundu osoko dozenaka milaka lagun batzen zituen festa hauek etorkizun zaila zutela aurtengoan.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak konfinamendua gutxienez maiatzaren 9ra arte luzatu nahi duela iragarri zuen, Sanferminak hasi baino bi hilabete eskas lehenago.

Nafarroako Osasun zuzendari nagusia, Sanferminak bertan behera uztearen alde

Gaur goizean, Carlos Artundo Nafarroako Osasun zuzendari nagusiak baztertu egin du aurtengo jaiak ospatzea Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Argi eta garbi adierazi du ehunka milaka pertsona Iruñera erakartzea ez dela ideia ona, Nafarroa bereziki kolpatzen ari baita gaitza –385 hildako astelehen honetara arte–.

Artundok baztertu egin du jaiak irailera edo beste data batera atzeratzeko aukera, nahiz eta Iruñeko Udalak aukera hori aztertu duen. Osasun zuzendari nagusiak adierazi duenez, "epidemia honekin egunez egun egin behar da lan" epe luzerako iragarpenik egin gabe.