Larunbatean, 17:00etatik 19:00etara bitartean kenduko dute musika, behar bereziak dituztenek barrakez goza dezaten. Horrez gain, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat txartelak banatuko dizkiete, haiek barraketan ilaran egon beharrik izan ez dezaten. Dagoeneko eskuragarri daude txartelak.
Andramarietan hasitako bideari jarraituz, San Andres festak ere inklusiboagoak izan daitezen hainbat neurri hartu du Udalak. Alde batetik, larunbatean, San Andres egunean, musika kenduko dute barraketan 17:00etatik 19:00etara bitartean, entzumen-hipersentiberetasuna duten pertsonei "ahalik eta baldintza onenak" bermatzeko. Adierazi dutenez, Marea Urdina elkartearekin adostu dute neurria.
Beste aldetik, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat txartelak banatuko dizkiete datozen egunetan, barraketan ilaran egon beharrik izan ez dezaten. Txartel horiek dagoeneko eskuragarri daude, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan, 07:30etik 15:30era artean.
Udalak adierazi duenez, neurrion helburua da aniztasun funtzionala duten pertsonei "festez gozatzeko aukerak erraztea" eta andramarietan hasitako bideari "normaltasuna eta jarraipena" ematea.