argia.eus
INPRIMATU
Samina senda dezake euskarak
  • Pupua dute umeek Baztanen, mina helduek eta gaixotasuna adindunek. Batzuk bederen, besteei pupa, dolor eta enfermedad izaten besterik ez diete-eta uzten Osasunbideak eta borondate gutxiko medikuren batek. Ondorioz, samina ere badute Elizondo eta Iruritako herritarrek, esaterako.

Iure Eizagirre 2015eko martxoaren 20a
Baztango Udaleko eta UEMAko ordezkariek iaz “Mediku euskalduna nahi dut” kanpainaren harira egindako prentsaurrekoa.

Legez ezarritako hizkuntza eskakizunen arabera, Baztani sei mediku dagozkio -15 herrik administrazio eremu bakarra osatzen dute- eta hauetako biri bakarrik eskatzen zaie elebidunak izatea. Zortzi erizainetatik ere bik bakarrik izan behar dute elebidun eta bi administraritatik bakarrak. Pediatrak, berriz, ez du zertan euskara jakin, beraz, gurasoek umeen lasaigarri ez ezik, itzultzaile ere izan behar dute.

Udaleko Euskara Sailetik diotenez, “egunerokoan egoera makurragoa da aintzat harturik profesional elebidunen ordezkoei ez zaiela euskara jakitea eskatzen edo euskara jakin beharra duen lanpostu batean aritu arren, euskaraz egin nahi ez duen medikuren bat badagoela, Iruritakoa, erraterako”.

Mediku euskalduna nahi dut”

Egoera gaitza izan arren, herritarrak itxaropen iturri dira, argi baitute euren hizkuntzaren aldeko jarrera. Hala erakutsi zuten iaz gauzatutako “Mediku euskalduna nahi dut” kanpainan. Hainbat herritarren hitza jaso zuen Kontseiluak sentsibilizazio bideo batean eta garbi adierazten dute beraien ikuspuntua: “Gure pentsatzeko modua euskaraz da, zerbait erran behar dugularik beti euskaraz pentsatzen dut eta ez zait justua iruditzen erdaraz egin behar izatea”, “euskaraz nahi dut nik, erdara ez dut konprenitzen-eta” edo “emagina euskalduna nuen lehenbizikoan, gero erdalduna izan zen eta ez zen iguala izan”. Bestaldean daudenek, hau da, mediku euskalduna dutenek ere badute hitza bideoan eta euskaraz aritu ahal izateak harremana erraztu eta goxoagoa egiteaz edo hala aritzearen zorteaz mintzo dira.

 

 

Sentsibilizatu eta ekinaraztea izan zen “Mediku euskalduna nahi dut” kanpainaren helburua. “Mediku erdaldunak zituzten herritarrek eskariak egin behar zituzten beraien osasun zentroetan mediku euskaldunak jartzeko. Osasun etxean beste edozein datu aldatzeko eskatzen den moduan egin behar ziren eskariak”, azaldu du Estebe Apezetxea Baztango Euskalgintzako kideak. Ondorioz, eskabide orri-ofizialetan, zigilatuta, egin zituzten eskariak gero Nafarroako Gobernuari helarazteko. Guztira, lau astetan 70 bat eskari bildu ziren familia-medikuntza eta pediatria ez ezik, ginekologia zerbitzua eta osasun zerbitzu oro euskaraz izateko.

Ahalegin instituzionala

Baztango Udalak ere esku hartu du osasungintza euskalduntzeko helburu honetan eta Elizondoko osasun etxeko zuzendaritzari elkarlanean aritzeko proposamena egin dio herritarren hizkuntza eskubideak bermatze aldera. “Oraindik ez da baiezko erantzunik jaso eta egoerak bere horretan dirau”, diote Udaletik. Nafarroako Parlamentuaren moduan, izan ere, UEMAko ordezkariek hara eraman zuten gaia, baina oraindik ez da hobekuntzarik lortu.

Baztanen oraindik ez, baina Euskal Herriko hainbat txokotan antzeko egoera bizi izan dute eta herritarren eskariei esker lortu dute pupuak, minak eta gaixotasunak euskaraz sendatzea.