Elurra, izotza, eguraldi hotza... izendatzeko ehunka hitz ditu sami herriak. Artikoa epeltzen ari da, ordea, eta hitz batzuk gero gutxiago erabiltzen dituzte. Batez ere, izokin arrantzako eta elur-oreinen zaintzako hiztegia ari da galtzen.
BBC hedabide britainiarrak Pentti Pieski elkarrizketatu du, sami herrian (Finlandiaren iparraldean) bizi den itzultzailea eta turismo alorreko langilea. Aldaketa klimatikoak kezkatzen du Pieski, eta ondorioz, samien hizkuntzen galerak ere bai. Sami herria Finlandia, Suedia, Norvegia eta Errusiaren artean zatitutako herrialdea da. Aldaketa klimatikoak ondorioak dakartza samien bizimoduan eta mendez mende mantendu dituzten jardueretan, adibidez, izokin arrantzan eta elur-oreinen zaintzan. Bizimodu tradizionala aldatzen bada, hizkuntzak ere aldatzen ari dira.
Pieski samia azken hiru urteotan ez da joan Teno ibaira izokina arrantzatzera, Finlandiako eta Norvegiako gobernuek arrantza debekatu dute, izokin gutxi dagoelako. Arrantzara ez badoaz, ez dago izokinaren eta arrantzaren inguruko elkarrizketarik, ez du inorekin hitz egin behar prestaketa lanak egiteko, ez da inorekin egongo sutondoan berriketan arrantzatzen ari diren bitartean, “elkarrizketarik ez dago eta hizkuntzetako batzuk desagertzen ari dira”.
Unescoren arabera, hamar sami hizkuntza daude, eta denak daude arriskuan; bat gutxienez desagertutzat ematen da. Gehien hitz egiten den samierak 20.000 eta 30.000 hiztun ditu Norvegian, Suedian eta Finlandian. Bigarren hizkuntza garrantzitsuenak 2.000 hiztun ditu, eta gainerakoek, gehienez ere ehunka batzuk dituzte.
Udaberriko izokinik ez
Pieski arrantzaleak gogorarazi du jieknaguolli hitza dela desagertzeko arriskuan dagoenetako bat. ‘Udaberriko izokina’ esan nahi du, eta gero eta gutxiago erabiltzen dute. Udaberrian, ibaian izotza puskatu orduko azaltzen den izokinari deitzen diote horrela. Arrantza debekatu aurretik ere, arrantza sasoia murriztua zuten izokin kopuru urriagatik, eta arrantza garaia ekainaren 1ean hasten da orain. Ordurako ibaiko izotzak urtuta daude eta arrantzaleak jada ez dira udaberri hasierako izokinaz mintzatzen. Iraganaz aritzeko hitza bihurtu da jieknaguolli.
Elurra esateko 360 modu
Hainbat ikerlarik elur-oreinen zaintzaileen jakituria baliatuta, elurra eta izotza izendatzeko hitzak aztertu dituzte, eta 300 baino gehiago zerrendatuak dituzte. Elur-oreinen zaintzari eta elur-oreinen ekologiari lotuta daude erabat hitz horietako asko. Adibidez, hitz batek adierazi dezake ea zer moduzko elurra den elur-oreinek azpian janaria aurki dezaten; edo ea elur-oreinen zaintzaileek erraz antzeman ditzaketen arrastoak elur horretan; edo gainean eroso ibil daitekeen. Hitz horietako batzuk jada ez dituzte behar, horiek izendatu nahi duten elur mota eta eguraldia aldatzen eta desagertzen ari direlako, aldaketa klimatikoaren ondorioz.
Galtzeko aukera asko dituen hitz horietako bat ealàt da. Elurraren egoera zehatz bati egiten dio erreferentzia: elurra xehea da eta elur-oreinek azpiko likenak eskuratzeko arazorik ez dute, tartean ez baitago izotz geruzarik. Likenok kalitate onekoak dira, ez daude lizunduta. Elur-oreinek ez dute liken lizundurik jaten. Beraz, hitz horrek elurrari, izotzari eta elikagaiaren egoerari buruzko informazioa ematen du.