Sami Kontseiluko kidea, ikerlaria eta ekintzailea den Eva Fjellheim Euskal Herrian izango da: "Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik" manifestazioan parte hartuko du maiatzaren 20an Gasteizen eta bi hitzaldi emango ditu Azpeitian eta Aramaion.
Sami herriak urteak daramatza beren bizimodua kinka larrian jartzen duten megaproiektu eolikoen aurka borrokan. Hain zuzen ere, 2021eko urriaren 11n, Norvegiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen, Trøndelag konderrian Statkraft Norvegiako enpresa publikoak %52ko parte hartzea duen Fosen Vind megazentrala osatzen duten sei proiektutatik bik Fovsen Njaarkeko sami elur-orein artzainen eskubideak urratzen dituela. Epaia irmoa izan arren, aerosorgailuak ez dira eraitsi eta normaltasun osoz ari dira funtzionatzen. Horren ondorioz, 2023ko otsailaren 23an, gazte sami multzo batek Petrolioaren Ministerioaren egoitza okupatzea erabaki zuen, poliziak kanporatu zituen arte.
Karlos Zurutuzak ARGIAko erreportaje honetan azaldua du Sami herriak Statkraft zentral eolikoaren aurkako borroka.
Sami herria aliantzak josten ari da munduko borrokekin, esaterako, Txilen Statkraft bera bultzatzen ari den zentral hidroelektriko baten aurka ari den maputxe herriarekin aspalditik ditu harremanak. Oraingoan, Euskal Herrian megaproiektu berriztagarrien ereduaren aurka herrietan sortu diren taldeekin izango da esperientzia trukea.
"Sami lurraldeko kolonialismo berdea, energia eolikoa eta justizia klimatikoa" izenburupean bi hitzaldi emango ditu Eva Fjellheim-ek:
Maiatzaren 17an Azpeitiko azoka plazan, 19:00etan; eta maiatzaren 18an Aramaioko kultur etxean, 18:00etan.
Hitzaldi hauen antolatzaileak EHU, Ekopol, Aramaio Bizirik, Sañu Bizirik eta maiatzaren 20an manifestazioa deitu duen Euskal Herria Bizirik ekimena dira.