30 urteren ondoren, Gallivareko (Suedia) tribunal batek Zirkulu Polarrean dagoen Girjaseko sami herri indigenari eman dio beraien herrialdean arrantzatzeko eta ehizatzeko eskubidea. Garan irakur daitekeenez, 1993. urtean kendu zieten eskubidea berreskuratu du komunitateak. Dena den, sententzia ez da behin betikoa, eta helegitea jar diezaiokete. Sami herria Europa iparraldean dago, lau herrialderen artean banatuta (Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusia).
Sententzia Estatuko abokatuen epaiketa baten ondoren dator. Abokatuek adierazi zuten sami herriaren estatus politikoa garrantzirik gabekoa zela, eta Suediak ez zuela inolako betebeharrik jatorrizko herri horri eskubiderik aitortzeko. Horren aurrean, 59 akademikok eta ikertzailek salatu zuten Estatuko abokatuek erabili zuten "hizkera arrazista", eta herri samiak izan dituen "baldintza historikoak ez ezagutzea" egotzi zion.
Sami herria Europa iparraldean dago, lau herrialderen artean banatuta (Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusia). Milaka urtean elur-oreinak zaindu eta arrantzatuz bizi izan dira; herri independentea zen jatorrian, hizkuntza propioa zuena eta jentilen sinesmenean oinarritutako erlijioduna.
Zapalkuntza handia jasan dute; kristautasuna inposatu zioten XVIII. mendean, eta beraien lurrak kendu zizkieten. Suediar kolonoak samien lurretan bizitzen jarri ziren, eta estereotipo arrazistak erabili zituzten samiak beraien herritik botatzeko. Azken urteetan, beren kultura berreraikitzeko lanean ari dira, eta sententzia hori garrantzitsua izan daiteke bide horretan.
Sami herriaren inguruko erreportajea egin zuen Lander Arbelaitzek ARGIAn: