argia.eus
INPRIMATU
Salvini gabeko gobernua osatzeko akordioa lortu dute Italian M5S-k eta Alderdi Demokratak
  • Sergio Mattarella Italiako presidenteak gobernua eratzeko eskatu dio Giuseppe Conte lehen ministro ohiari, Bost Izarren Mugimenduaren eta Alderdi Demokrataren arteko akordioa eta gero.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 30
Giuseppe Conte izango da Italiako lehen ministroa gobernu berrian ere (argazkia: Europako Parlamentua).

Italiako Gobernua dinamitatu ostean, Luigi di Maioren Bost Izarren Mugimendua eta Matteo Renzi lehen ministro ohiaren Alderdi Demokrata gobernu alternatiboa eratzeko akordiora iritsi dira. Giuseppe Conte independienteak jarraituko du lehen ministro izaten.

Matteo Salvini Lega alderdi ultraeskuindarraren buruzagia Gobernu berritik kanpo geratu ostean, inkestetan galtzaile nagusi gisa atera da; Salvinik irabazi zituen joan den urteko hauteskundeak, bozen %37,25ekin. Egoera hala, manifestazio erraldoia deitu du Salvinik.

Italiako Gobernua desegin zenetik, Sergio Mattarella presidenteak akordio batera iristeko eskatu zien alderdiei, beste hauteskunde batzuk saihesteko. Azkenean Bost Izarren Mugimenduaren eta Alderdi Demokrataren artean sinatu dute akordioa, baina negoziazio prozesua luzea izango dela uste da, ministerioen banaketan desadostasunak baitaude.

Interneten zabaldutako bideo batean, Matteo Salvinik gobernu berria gaitzetsi du, eta bere “desira okerrenak” eskaini dizkie. Salvinik 2018an gobernua eratu zutenetik Luigi di Maiok baino protagonismo handiagoa hartu zuen, eta bere politika gogorragatik eta adierazpen publikoengatik, hazi egin da bere ospea; azken inkesten arabera, hauteskunde berriak egin ezkero bozen %40 lortuko luke Salvinik.