Erregimen frankistak hildako azken presoetako bat izan zen Salvador Puig Antich anarkista kataluniarra eta oraindik argitu gabe daude haren exekuzioaren inguruko hari-mutur asko. Jordi Panyella kazetariak Salvador Puig Antich, cas obert liburua plazaratu berri du, bertsio ofiziala ezeztatuz.
Francisco Anguas Barragán subinspektorea hiltzeagatik epaitu eta heriotza zigorrera kondenatu zuen Tribunal militar batek Puig Antich 1974an. Garrote vil izeneko teknika erabiltzen akabatu zuten, alegia, aulki batean eseri, burdinez egindako lepokoa jarri eta asfixiatu.
Panyellak orduko gertakariak lehen pertsonan bizi izan zituztenengana jo du liburua dokumentatzeko. Besteak beste, artatu zuten erizainak elkarrizketatu ditu, Puig Antichen militantzia kide Xavier Garriga eta kasuaren inguruko frogak ezkutatu zituen instrukzio epaile Enric Palau.
Auziaren gakoa Palauk ematen du: “Poliziek hil zuten Barragán subinspektorea, ez Antichek”. “Praxi txarreko akats poliziala” izan zen hilketa, eta gero Puig Antichi leporatu zioten. Huraxe garatutako teoria.
Gero ezkutatu nahi izan zutela salatu du: “Poliziak esaten zuen zer sartu behar nuen sumarioan, zein dokumentu hartu eta zeintzuk gorde epaitegiko armairuan”.
Ahoa josita, 20 orriko deklarazioa
Indar polizialekin izandako liskarraren ondorioz, tiro batez masailezurrean zauritua izan zen ekintzailea, eta Bartzelonako Hospital Clinic-era eraman zuten, 1973ko irailaren 28tik urriaren 2ra. Ahora josi zioten, zauria itxi zedin. Eta horrela egon zen ohean lau egunez.
Erizainek kontatu dute orain poliziak aldez aurretik egindako 20 orriko txostenarekin azaldu zirela. “Ezinezkoa” iruditzen zaie zegoen egoeran egonda Puig Antichek deklarazio horiek egin izana.
Orain, Carlos Slepoy familiaren abokatuak liburuan argitaratutako informazio aintzat hartu, eta Argentinako justiziaren aurrean aurkeztutako kereilan gaineratuko du.
“Mendeku nahia”
Herri mugimenduko taldeek aktibistaren erailketa kritikatu izan dute, eta Frankismoak Carrero Blancoren heriotzaren ostean zeukan “mendeku nahiari” atxiki diote gertatutakoa.
Puig Antich, oroimenean
2007an Koldo Izagirrek poema batzuk eskaini zizkion eta Erramun Landaren grabatu batzuekin batera erakusketan jarri. Bideoa hemen ikus daiteke.