argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Decathlonek dio errotulazioa euskaraz ere jarri beharra “inposizioa” dela
  • Donostiako Decathlon saltoki handiak errotulazioak euskaraz ez dauzkalako kexa jarri du kontsumitzaile batek Behatokian. Saltokiaren erantzuna (gaztelaniaz) esanguratsua da: Erkidegoko legeak ez du jasotzen inongo inposiziorik karteldegia euskaraz jartzeari buruz. Alegia, lege betebeharrari inposizioa deitzen dio. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria elkarrizketatu dugu kontsumitzaileen legeaz argibideak eman diezazkigun.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2024ko urriaren 25

Donostiako Decathlon saltoki handiak emandako erantzuna salatu du Behatokiak. Euskaraz errotulatzeko duen lege-betebeharra inposiziotzat jo duela azaldu duzue.

Larria iruditzen zaigu bezeroei egiten diguten gutxiespena, esatea inposaketa dela zure bezeroari helarazten diozun informazioa euskaraz zabaltzea. Horregatik zabaldu dugu gai hau.

Herrialde katalanetan lege babes handiagoa dute eta presio soziala ere bai. Gu ere, hori egiten saiatzen gara, baina lege babes handiagoa behar dugu.

Ez da Decathlonen kontua bakarrik, gero eta multinazional handiagoak ditugu gure herri eta hirietan, eta horiekiko neurri batzuk hartu behar dira. Hizkuntzen erabateko liberalizazioaz ari gara eta hor ere badugu neurriak eskatzea.

Zein ondorio izan ditzake saltoki batek legeak jasotako hizkuntza betebeharrak ez baditu errespetatzen?

2023koa da kontsumitzaileen eta erabiltzaileen lege berria, aurrekoa 2003koa da. Guk, lege berria onartu zenean, salatu genuen ez zekarrela inolako urrats berritzailerik, herritar euskaldunen eskubideak bermatzeari dagokionean. Are, 2003ko jatorrizko legearekin alderatuz gero, atzerapausoak ditu. 2023ko legea kontuan hartuta, nolabaiteko lege betebeharrak badaude EAEn, azalera handiko merkataritza zentroen errotulazioari dagokionean behintzat, baina hauek ere ez dira behar bezala betetzen. Decathlonekoa da adibide bat. Sarri ez dira betetzen, eta betetzen ez direnean ez dago ondoriorik. Hau da, 2023ko legeak hasieratik uko egin zion legearen izaera arautzailea behar bezala baliatu eta derrigortasunak ezartzeari. Ondorioz, herritarren eskubideak bermatzeko sustapena da ardatza, eta ez, ordea, legezko betebeharra. Legeari berari balio arautzailea kentzen zaio eta hori kontraesan bat da. Enpresek, bestelako gaietan, legea betetzen ez badute badituzte ondorioak, baina hizkuntza eskubideak urratzen badituzte ez. Adibidez, ez dute isunik. Horregatik, eskatzen dugu lege babes handiagoa.

Euskaraldiarekin bat egiten dute saltoki handi batzuek. Nola liteke gero halako hizkuntza eskubide urraketak egitea?

Oraintxe aipatu ditut 2023ko legearen ezaugarriak. Legearen oinarriak borondatea eta euskararen sustapena dira, ez derrigortzea. Bi oinarri horiek pintzekin hartzen ditugu enpresa handiez ari garela. Euskaraldia izan daiteke bultzada nolabaiteko neurriak hartzeko, baina enpresa handi hauekiko uste dugu lege babesa eraginkorragoa izan daitekeela. Babesa indartu eta betebehar zehatzak ezarri, zeren enpresa horietako abokatuek askotan erantzun izan digute ez dutela lege betebeharrik (Nafarroan adibidez) eta EAEn mekanismo gutxi daude betearazteko.

 Jonmikel Intsausti.

Bezeroek zein indar dute urraketen aurrean?

Egia da Decathlonekoa moduko erantzunak jasotzen ditugula, eta batzuetan ez digutela erantzun ere egiten. Hala ere, bezeroek badute boterea. Irungo Decathlonen autokobraketarako makinak zeuden eta euskara hautatzeko aukera zuten, baina kendu egin zituzten. Protesta egin zen eta euskararen haututa errekuperatu zen. Alcampo saltoki berri bat jarri zuten eta kanpoko errotulazio guztia gaztelaniaz zegoen. Kexak jarri zituzten bezeroek eta eragina izan zuen. Herritarrek eta kontsumitzaileek sare sozialetan esandakoek eragiten die.

Makroenpresa horiek herri txikiekin eta hizkuntzarekin duten jarrera argia izaten da, mespretxuzkoa. Jarrerok aldatzeko behetik gorako lana egin behar dugu, eta kontsumitzaileok kontzientziatu: non kontsumitzen dugun, nola, gure eskubideen nolako aitortza egiten duten kontuan hartu...

Esan duzu kontsumitzaile katalanek lege babes handiagoa dutela.

Marka handien webguneak dira adibide bat. Katalana hautatzeko aukera ematen dute, baina euskarazkorik ez daukate, eta saltokiak Herrialde Katalanetan bezala, Euskal Herrian ere badituzte. Lege babes handiagoa dute eta betebehar zorrotzagoak; eta presio sozialagatik ere izan daiteke.

Euskal Herri barruan ere diskriminazio hori ematen da, enpresa hain handiak izan gabe ere. Hizkuntza politika desberdinak dituzte EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, erantzuten dute: “Nafarroako legeak ez nau behartzen”. Oso “legalistak” dira.

 Jonmikel Intsausti.