Astelehen gauean izan dute Eskoziako lehen ministro Alex Salmondek eta independentziaren kontrako kanpainako buru Alistair Darlingek independentziari buruzko bigarren eta azken telebistako eztabaida. The Guardian-ek eginiko galdeketaren arabera, Salmondek erraz irabazi duela uste dute herritarrek.
Irailaren 18ko galdeketarako hiru aste falta direla egin dute azken topaketa telebistan bi agintariek. The Guardian egunkariak eztabaida bukatu bezain azkar egin zuen galdeketa eta honena arabera, herritarren %71k uste du Salmond izan zela eztabaidako garaile. Darling laboristaren nagusitasuna %29k babestu zuen.
Oro har, lau gaien inguruan garatu zen eztabaida: ekonomia, etxeko gaiak, Eskoziaren papera munduan eta irailaren 18ko erreferenduma. Zalantzati dauden boto-emaileei zuzendu ziren bi agintariak eta Salmondek azpimarratu zuen Eskoziaren interesak ez dituela inork hobeto kudeatuko eskoziarrak eurak baino.
Tentsio uneak izan ziren, Eskozia independenteak erabiliko lukeen txanponaren eta osasun sistema publikoren gaiek eraginda, besteak beste. Salmondek libera esterlinarekin batasun ekonomikoa lortzearen alde egin du, Londresek babesten ez duen aukera. Eskozia independentean, osasun sistema publikoa murrizketetatik babestuago egongo litzatekeela ere adierazi du.
Better Together (Hobe batera) kanpainaren buru Alistari Darlingek, ordea, “independentziaren arrisku eta kosteak” aintzat ez hartzea leporatu dio Salmondi. Ingalaterrarekin batasun monetarioa lortu ezean, “B planik” ez duela ere esan dio lehen ministroari.
Eztabaida osoa ikusgai