argia.eus
INPRIMATU
Salhaketa-Araba
“Espetxe baldintzak jasateko ezintasunagatik egiten dute presoek bere buruaz beste”
ARGIA @argia 2020ko irailaren 21a
Argazkia: ARGIA.

Eguerdiko 13:00etan dozenaka pertsona bildu da Olagibel kaleko Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean, Arabako Salhaketa elkarteak deituta. Aurreko astean elkarteak berak jakinarazi zuen presoaren heriotza salatzeaz gain, gobernu eta erakundeen erantzukizuna azpimarratu nahi izan dute mobilizazioarekin.

Salhaketa-Arabako kide Julen Guaresti Etxebarriak ARGIAri adierazi dio espetxeetan hildako pertsonen zerrenda “makabroak” loditzen jarraitzen duela, espetxetan ematen diren heriotza gehienak ez direla naturalak, eta azken hau ere ekiditeko modua zegoela –presoak birritan eskatu zuen hitzordua psikologoarekin, baina hura ikusi orduko hil zen–. Espetxeek eta Espainiako Espetxe Zuzendaritzak heriotzen inguruko informaziorik ez dutela ematen salatu du, halaber.

32 urteko iruindarra urkatu egin zen bere ziegan. Guarestiren esanetan, “espetxeetako bizi baldintzak jasateko ezintasunagatik” egiten dute bere buruaz beste presoek. Suizidioen aurkako protokoloak ez direla eraginkorrak edo ez direla betetzen salatu du. Zaballan eta Espainiako Estatuko espetxetan gertatzen ari dena “onartezina” dela salatu, eta galdera egin du: “Zergatik ez dute legea betetzen presoen onerako denean, eta bete bain ogehiago egiten dute bere kalte denean?”.