argia.eus
INPRIMATU
Salgai da Los Arcoseko zirkuitua, altxor publikotik 70 milioi euro irentsi ondoren
  • Dirua etengabe galtzen duen azpiegitura gainetik kendu nahi du behingoz Nafarroako Gobernuak eta salgai jarri du Los Arcoseko zirkuitua. Balizko erosleek uztailaren 1era arte dute erosketarako aukera.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko maiatzaren 04a
Argazkia: Los Arcoseko zirkuitua

2010ean ekin zion ibilbideari zirkuituak eta azpiegituraren kostua 70 milioi eurokoa izan da, maileguen interesak kontuan hartuta. Lehen urtean jada 2,6 milioi euroko galerak izan zituen. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko orduko lehendakariak (UPN) ohartarazi zuen legebiltzarrean zirkuituak ez zuela dirurik emango, baina on egingo ziola eskualdeari.

Lehen une batean Jesús Samaniego enpresariak ekin behar zion ibilbideari. Hura zen eraiki behar zen lurraren jabea,baina hark proiektuaren hastapeneko sei milioi euroko aurrekontua ei zuen buruan. UPNko gobernuak, aldiz, proiektu handiagoa proposatu zuen, 22 milioiko aurrekontua aurkeztuz.

Proiektu aldaketa ikusita, Samaniegok atzera egin zuen proiektuan eta Nafarroako Gobernuak aurrera egin zuen zirkuituko %95eko akzioekin. Atzera egin bai, baina foru gobernuak Samaniegoren enpresari esleitu zion zirkuituaren eraikuntza, gainera lehiaketa publikora atera gabe. 2021ean Nafarroako Kontuen Ganberak zirkuituaren kudeaketari buruzko txostena egin zuen eta bertan azaltzen zenez, Nafarroako Gobernuak faborezko tratua eman zion aipatu enpresariari.

Zirkuitua kudeatzen duen NICDO enpresa publikoak egin du jada ahaleginik lasterketa esparrua gainetik kentzeko, eta 2013an Los Arcos Motosport enpresari alokatu zion, baina hark 2019an utzi zuen zirkuituaren kudeaketa, eta berriz hartu behar izan zuen NICDOk. 2021ean 1,7 milioiko galerak izan zituen zirkuituak. Galera horiek guztiak Nafarroako Gobernuak estali behar izan ditu orain arte.

UPNren handikerien fruitu

2000ko hamarkadan UPNk eta PSNk hainbat proiektu faraoniko bultzatu zituzten Nafarroa osoan, eta eraikuntza testuinguru hartan kokatu behar da Los Arcoseko zirkuitua ere. El banquete liburu ezagunak oso ongi azaltzen du UPNk eta PSNk bultzatu zituzten proiektu eta negozio erraldoien garai hura, gehienetan jadanik desagertutako Nafarroako Kutxaren bidez hauspotuak.

Horien artean zegoen, adibidez, Ezkaba mendian parke erraldoi bat egiteko proiektua, 119 milioi euroko kostua lukeena eta liburuan Ezkabako delirioa izendatzen dutena. Halako proiektu asko egin ziren, eta batzuk bidean dira oraindik, Iruñeko salestarren eraikuntzak, esate batera, edo oraindik eraikuntzaren hastapenetan den AHTko Nafarroako zatia.