argia.eus
INPRIMATU
Saleh M. Mohamed: “Gazako metodo berbera erabili da Siriako eskualde kurduan”
  • Siriako kurduen buruzagi Saleh M. Mohamed elkarrizketatu du Vilaweb hedabide kataluniarrak. Batasun Demokratikoaren Alderdia zuzentzen du eta askotan espetxeratu dute. Duela ia urtebete, herri kurdu bat defendatzen ari zela, semea hil zioten. Hona elkarrizketako zenbait adierazpen euskaratuta.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 30
"Nazioarteko komunitateak ez du arretarik jartzen Sirian", dio buruzagi kurduak. (Arg.:vilaweb.cat)

Zer pentsatzen duzue azken egunotan nazioartea Gazari begira ikustean eta ez Kurdistan eta Sirian gertatzen ari denari?

Guk inola ere ezin dugu onartu Gazan gertatzen ari dena. Gerra basatia da. Ikuspuntu humanitariotik onartezina da hiri oso bat suntsitzea. Hori ez da gatazka konpontzeko modua. Herri palestinarrari entzun behar diote.

Baina esan beharra daukat, metodo berbera erabili dela Siriako eskualde kurduan. Agian Israelek modu sofistikatuagoan hiltzen du, artilleria, balak eta koheteak tirokatuz, baina gure herrialdean ere jendea hiltzen dute kalean. Hala ere, uste dut kasu batek ez lukeela bestea estali behar.

Antzekoak ikusten dituzu?

Nik uste Gazako zein Rojavako (Mendebaldeko Kurdistan) jendearen borroka demokraziaren eta eskubideen aldekoa dela. Bi borrokak demokrazia eta giza eskubideen defentsak lotzen ditu.

Zein da egungo egoera Rojavan?

Kurduak, hobe esan, han bizi garenok— kurduak, arabiarrak, siriarrak— azken egunetan borroka oso gogorrekin defendatzen ari gara. Ikuspuntu militarretik, Siriako eskualde kurduan antolatu garenon aurkako erasoa ikaragarria da.

Ikuspuntu politikotik, nazioarteko komunitateak ez du arretarik jartzen Sirian. Beharbada batzuk nahiago dute igarotako gertaerak aldatzen saiatu, berriz negoziatzera eseri baino. Armada Islamikoak Iraken bere jarduera zabaldu duenean, arazoa jada ez da Siriako egoera, arazo erregionala da. Beharbada etorkizunean negoziazioetarako saiakera berri bat egin dezakegu, ez bakarrik Siriako egoeraz, gaia Ekialde Hurbileko arazotzat hartuz baizik.

ISIS Armada Islamikoak Irak eta Levanten izandako biolentzia ikaragarriak asko harritu du...

Ziur gaude ISIS norbaiten eskuetan dagoen tresna dela. Gure eskualdeari eraso egin eta guk hau hustea nahi dute, baina, jendea antolatu eta defendatzea lortu dugunez, egonkorrak gara orain. Berdina gertatzen ari da Irakeko Kurdistanen, funtsean dena erresistentzia kurduaren menpe dago.

Kontuan izan behar da gainera, ISIS erakunde bat baino, izen bat dela. Bere parte bat erregimenean dago eta honek erabiltzen du, baita NATOk, Turkiak eta Saudi Arabiak ere. Denek erabiltzen dute ISIS interes politiko propioen arabera.

Kurduak gizarte oso demokratikoa ordezkatzen duzue Ekialde Hurbilaren baitan. Hori da zuen indargunea etorkizunera begira?

Ehunka urte dira gure komunitateetan, kurduak arabiarrekin eta siriarrekin demokratikoki batera bizi garela. Hori da aurrera egiteko gure aukera, bereziki Mendebaldeko Kurdistanen; arau garbiak alderdientzat eta hauteskundeentzat eta emakumeen eskubideak errespetatzen dituen kontratu soziala. Sistema hori da gure ustez konponbidea, ez bakarrik herri kurduarentzat, baita etorkizuneko Siriarentzat ere. Are gehiago, baita Ekialde Hurbil guztirako ere.

Pertsonalki asko sufritu duzue. Ez al zarete nekatu borrokatzeaz, horrenbeste urtez?

“Eustea bizitzea da”, diogu kurduok. Beraz, bizirik bazaude eutsi egin behar duzu. Rojavan ISISen aurka borrokatzen dugu, eta negoziatuz gurekin bizi diren arabiarrei eskua luzatzen diegu elkarbizitza on baten alde. Europan ere, jada badaramatzat bi urte ate joka entzun gaitzaten eskatuz, turkiarrekin hitz egiten... Erresistentzia da gure bizitzeko modua. Ez gara nekatzen, ez dugu bertan behera uzten. Eutsi behar dugu, eustea bizitzea dela sinesten dugulako.