argia.eus
INPRIMATU
Delikatetxe
Salda badago… oilo haragia alferrik galtzen ez uzteko proiektua
  • Oilo-salda jaki ohikoa izaten zen gurean duela ez asko, eta salda egiteko erabilitako barazki eta gainerako osagaiak ere ongi aprobetxatzen ziren gero beste zerbait prestatzeko. "Hemen dena aprobetxatzen da" filosofia zabalduago zegon garaietan oinarritu dira Delikatetxe proiektuko kideak haien egitasmoa martxan jartzeko. Arrautza jartzeari uzten dioten oiloak ezertarako aprobetxatzen ez zirela ikusita sortu zitzaien ideia Xabier Gorrotxategi, Alazne Jayo eta Edurne Garcia bultzatzaileei. “Arazoa da etxalde txikientzat, oilo horiek erretiratzeko batzuetan ordaindu ere egin beharra baitute”, azaldu du Garciak. Hurbileko ekoizleei oiloak erosi eta salda eta bestelako produktuak egiten dituzte Elorrioko lantegian.

Garazi Zabaleta 2022ko uztailaren 07a

“Lehen asko erabiltzen zen oilo haragia etxeetan eta errezeta ugari zeuden, oso zaporetsua eta elikagarria baita. Orain, ordea, modu industrialean ekoitzitako oilaskoa oso merke saltzen da, eta jendeak oiloa ordezkatu eta prestatzeko ohitura galdu du”, dio Garciak. Izan ere, haragi gogorragoa da oiloarena, su eztitan eta denbora luzeagoz eduki beharrekoa. Egungo bizi erritmo azkarrerako motelegia, akaso? “Pentsatu genuen jendeak ohiturarik ez badu ere, guk eginda agian bazegoela aprobetxatzeko aukera”, gehitu du kideak.

Hurbileko ekoizleei eta baldintza jakinetan ekoizten dutenei erosten dizkiete oiloak eta gainontzeko elikagaiak Delikatetxekoek, eta eraldaketa guztia Elorrioko gunean zentralizatzen dute. “Ekologikoan ari direnen eta Eusko Label edo Reyno Gourmet zigilua duten hurbileko baserritarrei hartzen dizkiegu oiloak, gutxieneko baldintza batzuen arabera haziak direla bermatzeko”. Ekonomia zirkularreko proiektu gisa aurkezten dute Delikatetxe, merkaturatzeko aukera handirik ez duen elikagaia galtzen utzi beharrean, hori eraldatu eta balioa ematen diotelako. Bi helburu nagusi dituzte, beraz: janaria alferrik galtzen ez uztea, eta hurbileko ekoizleei aukera bat ematea.

Delikatetxek Elorrion duen lantegia.
Salda, hanburgesak eta barazki-kontserbak

Oilo-salda, bularki-hanburgesa desberdinak, porrua kontserban eta tipulada aurkituko ditugu Delikatetxeko katalogoan. Galdetuko du norbaitek zer partekatzen ote duten jaki horiek… “Denari probetxua ateratzea da gure asmoa. Porrua zergatik? Bada, zati berdea saldarako erabiltzen dugunez, beste zatiarekin kontserbak egiten ditugu. Tipuladarako ere, saldan erabilitako tipulak darabiltzagu…”. Garciak azpimarratu duenez, etxean beti egin izan den hori egiten dute. “Aprobetxamenduaren ikuspegia galdu egin da, baina horri buelta ematen saiatu beharra gara”.

Eraldaketa prozesua ahalik eta modu jasangarrienean egiteko, gainera, eguzki-plakak dituzte argindarraren kontsumoa gutxitzeko eta ura berotzeko. Horrez gain, guneko tresneria eta makineria inguruko ekoizleei ere eskaintzen dizkiete, haien soberakinekin bestelako kontserbak egiteko.