Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministek gutxienez 3.000 emakume* batu dituzte Durangon, denak helburu berei lotuak: hausnartu, eztabaidatu, elkar ezagutu, saretu eta mugimendu feminista autonomoaren aurrera begirako ildo estrategikoak zehaztea. Azaroaren 1etik 3ra, “Salda Badago” leloak metafora izateari utzi dio errealitate bilakatzeko. Parte hartze arrakastatsuagatik, noizean behin gainezka egin duen salda izan da dastatu duguna; bazterreko osagaiak erdira eramateko eragin zaionean, irakin eta erreduraren bat edo beste eragin duen salda.
2008an Portugaleten burututako Jardunaldi Feministen laugarren ediziotik hamaika urtera, Euskal Herriko mugimendu feminista berriz bildu da gutxi-gorabehera hamarraldian behin egin ohi duen hitzordu berezian. Batzeko arrazoia, baina, ez da hamarkada baten igaroa bezain sinplea; arrazoiak gehiago dauka urteen igaroak ekarritako aldaketen gainean arreta jarri, eta aldaketok geu, geure errealitateak eta Euskal Herriko mugimendu feminista bera nola eraldatu dituzten antzemateko premiatik. “Egoeraren analisiak partekatzeko eta batez ere, aurrerantzean, estrategia bateratuak zehazteko” beharretik, mugimendu feministak jardunaldiei buruzko dosierrean zehaztu duenez.
Ez da erronka makala, mugimenduak azpimarratzen duen eran, bizi ditugun garaiek hainbat eremutan —hasi ideologikotik eta instituzionaleraino, sozialetik, ekonomikotik eta politikotik pasata—askotariko aldaketak eragin baitituzte. Kapitalismoa berrantolatzen ari da; politika ekonomiko neoliberalak dira nagusi han eta hemengo agintarien agendetan; bizitzaren merkantilizazioa geroz eta basatiagoa ari da bilakatzen; klase arteko arrakala handitzen ari da etengabe, bazterreko subjektuak are eta gehiago prekarizatuz; borroka sozialaren kriminalizazioa indartuz doan era berean, militarizazioa etengabe ari da areagotzen; beren bizilekutik ospa egitera beharturik ikusten dute beren burua ehunka pertsonak egunero, eta errefuxiatuen krisi deitu zaionari aterabidea emateko prestutasunik ez du agertzen Europar Batasunak; eta honako testuingurua haztegi, aparraldian da faxismoa. Besteak beste.
Guzti horri, Euskal Herriak bizi duen testuinguru politiko berria gehitu behar zaio, orain hamaika urtekoaren oso bestelakoa. Mugimendu feministak argi utzi du: “Urtetan gure gorputzak eta mugimendua zeharkatu dituen gatazka armatuaren konponbidean” asko duela “esateko, gogoetatzeko eta eragiteko”. Eta egoera are gehiago katramilatzen da urteen igaroak mugimendu feminista bera ere eraldatu duela kontuan hartuz gero. Mugimendua ezinbestekoz aldatu baita honen “ikusgarritasuna, legitimitatea eta mobilizatzeko gaitasuna areagotu eta indartu” diren heinean. Alabaina, pertsonala eta politikoa uztartzen trebea den mugimendurik bada, feminista da. Urteetako jarduna ez da debaldekoa, mugimenduak berak aitortu duenez: “Urte luzetako teoria eta praktika feministen oinordekoak gara Euskal Herrian”.
Bizitzak hankaz gora jartzen dizkigun mundu ordena nola irauli eta bizitzak erdigunean jartzera bidean marratu beharreko estrategiez hausnartzen ez da lan makala izan Durangon, eta egitekoa era antolatu batean burutzeko asmoz, bost ardatzen bueltan egituratu dituzte jardunaldiak: Bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatua eta burujabetzak; Dekolonialitatea; Gorputzak eta sexualitateak; Indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzen; eta Mugimendu feministaren erraiei begira. Bost ardatz, beti ere argi izanik bertan jorratzen diren gaiak, patriarkatuaren zapalkuntza forma anitzak, elkarren artean harilkatuta ulertu behar direla.
Jardunaldien egitarau anitz eta oparoaren baitan, bost ardatzoi mahai-inguru zentral forma eman zaie. Ostiral goizean burutu zen lehena. Beatriz Egizabalek umorez jantzi eta hizkuntza ugaritan egindako harrera ekitaldiaren ostean, Bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatua eta burujabetzak mahai-inguruan bildu ziren Etxaldeko Emakumeak, Itaia, Bilgune Feminista, Oneka eta Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldeetako kideak.
Aniztasunak bereizten zuen publiko jendetsu eta gogotsuaren aurrean, azken pare bat urteetan martxoaren 8ko grebak aldarrikatutakoa nola egikaritu hausnartzeari ekin zioten: bizitzak erdigunean jartzeko hartu beharreko bidea marratzeari, alegia. Eginkizunak zer suposatzen zuen jakinik mintzatu zen Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldeko Josefina Roco Sanfilippo, “den-dena aldatzera gatoz” adieraziz. Burujabetza feminista ortzi muga, beste jendarte eredu baten eraikuntzan eraldatu beharreko eremuetatik mintzatu ziren, elkarrekin lan egin beharra azpimarratuz eta zenbait helburu xedatuz: pentsio duinak lortzea, etxeko langile egoiliarraren figura abolitzea, elikadura burujabetza kontsolidatzea, klase borroka eraberritzea eta burgesiak langileen gainean duen kontrola murriztea, kasu.
Indarkeriarik gabekoa behar du izan bizitza erdigunean jartzen duen jendarte antolamenduak, eta hargatik eskaini zitzaion Indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzen mahai-ingurua indarkeriei buruzko hausnarketari. Medeak, Bilgune Feminista, Emakume Internazionalistak, Justizia Feminista mintegia eta F.A.R.R.U.K.A.S. taldeek ikuspuntu ezberdinetatik jorratu zuten indarkeria matxista, erpin ugariko hausnarketak plazaratuz.
“Inportantea da indarkeria matxistaren erro guztiak ondo ulertzea, indarkeria matxistarekin amaitzeak indarkeria mota askorekin bukatzea exijitzen baitu”, erantzun zuen egun batzuk lehenago Medeak taldeko kide Josebe Iturriozek jorratuko zutenaz galdegitean; mahai-inguruan gaian sakondu zuen, eta adierazi indarkeriaren eginkizuna sistema heteropatriarkala sostengatzea dela, horren aurrean autodefentsa feminista zilegituz. “Indarkeriaren teknika performatiboez” jabetu beharko ginatekela azpimarratu zuen, “inteligentziaz eta elkar zainduz”, eta ez indarkeriaren apologia egin. Bere iritzitan, feminismoaren xedea ezin baita izan “gero eta gizarte bortitzagoak edukitzea”.
Autodefentsa feminista oinarri duen F.A.R.R.U.K.A.S. taldeak indarkeriari indarkeriaz erantzuteko zilegitasuna mahaigaineratu zuen. Hitza hartu aurretik autodefentsa feministaren aldarrikapen ozen eta argia egiten zuen bideo bat erreproduzitu zuen taldeak, eta honek publikoan sorrarazitako sentipen kolektiboaren eskutik etorri zen mahai-inguruaren une gorena, entzuleen artean emozio eztanda eta txalo zaparrada eraginez. Mahai bueltan autodefentsa feministaren aldeko hautua agertu bazen, entzuleen erreakzioak hautu hori berretsi zuen, baita hautuak ahalduntzera bidean duen potentziala nabarmendu ere.
Autodefentsaz harago ere joan ziren mintzakideak, justizia feministaz jarduteraino. Azken gai horri dagokionez, Justizia Feminista mintegiak azpimarratu zuen ez dela erraza punitibista ez den justizia eredua eraikitzea, “mendekuaren eta zigorraren diskurtsoa oso errotuta dagoelako”. Hala ere, guztion artean beste justizia eredu baten eraikuntzari bide eman beharra agertu zuten.
Hain anitza den mugimenduaren agenda bateratua eratzeko eginkizuna ez da izan egiteko erraza. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak Mugimendu feministaren erraiei begira mahai-inguruan xedatu bezala, kapitalak aniztasuna erosoa den zeozer bezala aurkezten duen arren, aniztasuna kudeatzea zaila da berez. Agenda orotan bezala, mugimendu feministarenean ere etxeko lan batzuk beste batzuk baino mardulago ageri dira, eta eginbehar potoloenak aniztasunari tokia egitearekin dute zerikusia.
Saretzea helburu, antolatzaileek mugimendua bere osotasunean jardunaldien parte sentitzea bilatu dute, egiteko horretan arreta berezia jarriz mugimenduaren erdigunean ez dauden emakumeen kolektiboei. “Haien aportazioak zuzenean jaso eta beren ahotsak erdigunera ekarri eta presente izateko”, koordinazio lanetan aritu den Garazi Goienetxea Díezen hitzetan. Bazterretako kolektiboen ahotsek erdigunetik planteatutakoek, ohikoan erdigunea okupatu ohi duen kolektiboko inor gutxi utzi dute epel. Feminismoaren baitan hegemonia diren emakume zuri, jatorriz bertako, heterosexual eta zisgeneroak behin baino gehiagotan interpelatu dituzte marjinetatik, okupatzen duten posizioak ematen dizkien pribilegioak seinalatuz.
Medeak, B.A.L.A., Ozen, Sare Lesbianista eta Elkartean-ek osatutako Gorputzak eta Sexualitateak mahai-inguruaren bueltan eman ziren interpelazio horietako zenbait. Itzulingururik barik, bati baino gehiagori arnasa moztuko zion galdera aireratu zuten Sare Lesbianistako kideek: “Izan zaitezke feminista heterosexuala izanik?”. Ildo horretan, ahizpatasuna zergatik ez den sexualizatzen hausnartzera gonbidatu zituzten entzuleak.
Heterosexualak bakarrik ez, politizatu gabeko lesbianak ere interpelatu nahi izan dituzte. Bollera gisa aurkeztu ziren hizlarietako hainbat, adieraziz terminoak hautu politiko bati egiten diola erreferentzia, lesbianaren kasuan ez bezala. Argi azaldu zuten B.A.L.A.ko kideek: bollera izatea disidentziatik heteroarauaren kontra borroka egitea dela. Horri lotuta, ertzetan eroso sentitzen direla gaineratu zuten Sare Lesbianistakoek, beren hautu politikoa erradikala izanik erdigunea okupatu eta normatiboak izan nahi ez dutela aditzera emanez.
Mahai-inguru berean, eztabaida eman zen identitate anitzak barne bildu asmoz emakume izendapena izartxoarekin idaztearen gainean. Zenbaitzuen iritziz formula nahasgarria da, eta beste batzuen aburuz baztertzailea da inklusiboa baino gehiago. Publikotik egindako ekarpen baten arabera, aldiz, izartxoak adierazten du mugimendu feminista emakume kategoria konfliktoan jartzen ari dela. Ondoriorik atera ez arren, izartxoaren erabilera problematizatu zen.
Dekolonialitatea mahai-inguruan plazaratutako interpelazioak izan ziren, halere, entzuleen barruak gehien nahasi zituztenak. Garaipen, Mujeres del Mundo, Ahizpatasuna, Raízes, Amar eta Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sarea taldeetako kideek osatutako mahaian jazotakoek agerian utzi zuten mugimendu feministaren “zuritasuna”, gehiengo zuri horrek mugimenduan gorpuzten duen hegemonia, eta kokapen horrek ematen dizkien pribilegioak. Mahaiaren bueltan arrazializatutakoa ez zen emakume baten presentzia kuestionatuz abiatu zuen solasa Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sareko kideak, eta mahai-inguruak iraun zuen bi orduetan hegemonia diren feministen pribilegioak mahai gainean mantendu zituzten.
“3.000 feminista zuriri esango diegu nola beraiek ere izan daitezkeen zapaltzaileak eta arrazistak (…) Inoiz ez da dekolonialitateari buruzko mahairik izan. Historia egiten ari gara”, irakur zitekeen Raízes taldeak sare sozialetan publiko egindako ohar batean, hitza hartu baino ordu batzuk aurretik. Ondoezak aurreikus zitezkeen.
Pribilegioak beren gordinean seinalatzeaz harago, arrazializatutako kideek nolako aliantzak nahi zituzten jakinarazi zuten: instrumentalizatutako aliantzarik ez dutela behar eman zuten aditzera, elkarren arteko zubiak eraikitzea baizik. Feminista autoktonoengandik lideratuak edo instrumentalizatuak izateari muzin egiten diotela azpimarratu zuten, eta kuota gisa erabili ditzaten ez dutela onartuko argi utzi.
Interpelaziook sakon astindu zituzten arrazializatu gabeko kideak; barren nahasiek eta norbere pribilegioak behatzeko erresistentziek, eragin zuten gatazkarik. Mahai-inguruaren ostean, publikoak hitza hartzearekin batera, eztabaida piztu zen; gogorrena, baina, hizlariak eszenatokitik jaistean jazo zen: antolakuntzak biharamunean jakitera eman zuenez, zenbaitek eraso egin zien kide arrazializatuei, erasoen aurkako protokoloa martxan jartzea eraginez.
Gertakariek gauza bat ezin argiago utzi zuten: geure zilborrari begiratu eta dauzkagun pribilegioak identifikatu eta lantzeko beharrizana. Bilgune Feministak igandean adierazi bezala, zapalduaren paperarekin identifikatzera oso ohituta baikaude, “baina nola kostatzen zaigun interpelatuak izatea”. Mugimendu anitza eta inklusiboa eraikitzera bidean, aurrerakoan serioski lantzeko afera nagusietako bat dekolonialitatearena dela argi geratu zen, autokritikatik asko eskatuko duen eginkizuna.
Jardunaldiak baino egun batzuk lehenago Afaf el Halaoui eta Cony Carranza mahaikideek itzulingururik gabe adierazi zuten afera honetan oraindik asko dagoela egiteko. Carranzak aurkako sentimenduak zituen jardunaldiei zegokienez: ilusioa, gaia jorratuko zelako; eta ardura, iskanbila sortuko zela jakinik. Hala ere, argi zioen: “Beharrezkoa da iskanbila sortzea”. Pribilegioak lantzearen lan desatsegina goxatu dezakeen gakoa luzatu zuen, ordea: ez dela kulpatik egin beharreko lana, erantzukizun kontua baizik. Jakina baita errua tarteko denean dena bilakatzen dela berez dena baino itsusiago. Mugimendu benetan anitza eratzeko ezberdintasunak onartu beharra azpimarratu zuen El Halaouik, eta libre izatera bidean mendebaldartu beharrik ez izatea aldarrikatu.
Mugimendu feministaren erraiei begira azken mahai-inguru zentralean —baita ostean talde txikietan egindako asanbladetan ere— barrura begirako lana egin zuen mugimenduak, komunean jarritakoen eta emandako eztabaiden ondotik aurrera begirako erronkak identifikatuz, eta hartu beharreko estrategiez hausnartuz.
Amuge, PAF!, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa, Bizkaiko Emakumeen Asanblada (BEA) , Bilgune Feminista, Lanbroa, Egin Dezagun Topa eta Feministaldeko kideak bildu zituen mahaiaren gainera ateratako eginbeharrak askotarikoak izan ziren: mugimenduaren barne egitura indartzea, Euskal Herriko agenda feminista propio bat lantzea, Ipar Euskal Herria Hegoaldearekin saretzea, indarkeria matxistaren aurpegi anitzak bistaratzea, militantzia formak berrikustea, hamar urtean behin baino sarriago bildu eta eztabaida nazionalak indartzea ahalbidetuko luketen espazioak sortzea, datorren errepresioari aurre egiteko beharko diren baliabideak nola lortu eztabaidatzea, klase askapenaren aldeko borrokan aliantzak sortzea, eragiteko botere erreala eskuratzea, lidertza kolektiboak sortzea, talde feministak indartu eta berriak sortzea, “hirizentrismoa” apurtzea…
Zerrenda luzetik gai parea nabarmendu dira, dena den. Batetik, feminismoak azken urteetan bizitu duen gorakada tarteko, kapitalismoa egiten ari den beronen asimilazioarekin arduratuta agertu dira mahaikideak: Egin Dezagun Topak antzeman du kapitalismoak neska gazteei “makillatutako” feminismo bat saltzen diela, eta BEAk “feminismo estandarizatuarekin” adi ibili beharra azpimarratu du, eduki iraultzailerik izan gabe erosotasun osoz feminista sentitzea bultzatzen duela iritzirik.
Jardunaldien bezperetan Josebe Iturriozek ardura bera azaldu zuen, adieraziz feminismoaren gorakada interesgarria bezain arriskutsua dela: “Sare sozialetan jendeak artikuluak-eta irakurtzen ditu, eta feminista egiten da. Eta oso ondo dago. Baina ez dituzte ezagutzen mugimenduaren forma politikoak, nola militatzen dugun”. Jardunaldiak emakume guzti horiek gerturatzeko saiakera ere izan dira, mugimenduaren baitan ez dauden feministak aktibatzeko asmoz, feminista antolatu eta antolatu gabekoen arteko arrakala hausteko —edo behintzat murrizteko—. Ezin jakin antolatu gabeko zenbat pertsona aktibatzea lortu den azaroaren lehen hiru egunotan, baina aktibazioa eman dela eztabaidaezina da: lehenengo topaketetatik errepikatzen ez zen parte hartzaile kopurua bildu dute bosgarren jardunaldiek, feminismoaz gogoetatzeko gogoz ziren emakume kopuruak tailer eta hitzaldiak kolapsatzeko haina.
Nabarmendu zen beste gaia, espero zitekeenez, aniztasuna izan zen. Dekolonialitateari buruzko mahai-inguruan jasotako interpelazioek nahasitako barrenak, eta arrazializatutako kideek pairatutako erasoak sortutako ondoeza, iganderaino eraman zituzten herrestan parte hartzaileek; horren adierazle hizlari orok gaia ahotan hartu izana. Lehen egunean, oraindik gatazka bero zela, bazen artega eragiten zuen zalantza bat: dekolonialitatearen eztabaidak azaleratutako tirabirak arrakala eragingo zuten mugimenduan, ala bidea batera egiteko prestutasuna nagusituko zen? Balantzak bide bateratuaren alde egin zuen igandean. Hori bai: antikolonialista, antiarrazista, antipatriarkala eta antikapitalista den feminismo erradikalean berretsiz; eta pribilegioak lantzeko beharraren premia esplizitatuz.
“Geroz eta pluralagoak garen arren, ez gara nahi bezain anitzak. Aztertu behar ditugu pribilegioak, eta inor gonbidatua ordez, parte sentiaraziko duten espazioak eraiki”, zioen Feministaldek. Mahaian zen Amugeko Tamara Clavería, eta hark ere hartu zuen gaia ahotan, beste behin hegemonia interpelatuz: “Ijitoek betiereko ikusezinak izaten jarraitzen dugu”, eta feminismoan ere hala izan ohi dela eman zuen ulertzera. “Intersekzionalitatea oraindik ametsa da, desio bat”, plazaratu zuen bere iritzia EHko Emakume Mundu Martxak. Azken honek, asko etxera interpelazioz beteta joango zirela probestuz, aurrera begirako bidea baldintzatuko duen galdera plazaratu zuen: “Zer egingo dugu deserosotasun horiekin?”. Hortxe datza benetan anitza den mugimendu feminista lortzeko gakoa, nahiz eta exijitzen duen barrura begiratu, gauza anitz kuestionatu eta norbera ere zapaltzaile izan daitekeela onartzea. Ez da digestio errazeko platera, jardunaldien lehen egunetik digeritu nahirik gabiltzanak aditzera ematen digunez. Alabaina, Kattalin Miner eta Nagore Iturriozek mahai-inguruotako batean esan bezala, erosotasunean ez dago iraultzarik. Baieztapen horrek nahiko motibazio izan beharko luke deserosotasunetan belarrietaraino sartzeko. Bizitza erdigunean duen mundu berri bat dugu irabazteko.
Motxilak hausnarketarako gaiez betea, egitekoen zerrenda lanketa pertsonal zein kolektibo ugarirekin josita eta nekea nagusi zela heldu zen igande arratsaldea. Hizketagaiak atzean utzita, hortik aurrerakoa jardunaldiei itxiera ematea zen, oraingoan ospakizun formatuan. Hiru egunetan pilatutako nekeak eta ondoezak alde batera, egon asko zegoelako ospatzeko: mugimendu feministako kide Miren Arangurenek esan bezala, “akatsak akats, gatazkak gatazka, beste iraultza saiakera bat” egin izana, hasteko. Hortik aurrera, dudarik gabe, bakoitzak izango zituen ospakizunerako beste hamaika motibo. Feminismoak asko exijitzen badu ere, are gehiago izan ohi delako ematen duena.
Jardunaldien egoitza nagusi izandako Landako atzean utzi eta kaleak blaitu zituen manifestazioak, aldarri feministak barreiatuz Durangon barrena. Emotiboena, baina, Landakora buelta izan zen. Itxiera ekitaldian oholtza gainetik entzundakoek hunkitu gintuzten. Katalunia eta Guatemalako bi kidek hartu zuten hitzak lehenik, Rojavako YPJ Emakumeen Autodefentsa Unitateetako kide batek ostean, eta mugimendu feministako hainbatek azkenik. Hitz eta mezu askotarikoekin, denek ere eman ziguten txalo egin, malkoren bat edo beste askatu, oihukatu… eta hurrengo egunean berriz altxatu eta borrokan jarraitzeko hamaika motibo. Palanka emozional eta indar txute ederra, jardunaldietan xedatutako guztia praktikara eramateko ordua iritsi den honetan.
*Emakume izendapenak genero sistema bitarraz gaindiko gorputz eta identitate askotarikoak barne hartzeko orduan mugak jartzen baditu ere, erreportaje honetan aniztasun horri egiten diogu erreferentzia emakumeaz hitz egitean.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.
Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.
Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.
Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]
2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]
Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]
Baionan Loverdose eta Atharratzen Bekat’uros egin den bezala, Oztibarren (Nafarroa Beherea) Debrien Figurak feminismoaren eta transfeminismoaren inguruan antolatutako egunak arrakasta izan du.
Urriaren 24tik Espainiako Estatuko hedabide guztietako lerroburuak eman dizkiote Iñigo Errejóni, eta maiztu arte erabili dute haren izena, ezker-eskuin. Gutxitan ikusten den zarata mediatikoa lortu du, eta badirudi oihartzunak luze jarraituko duela. Orain... [+]
‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.
Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]