argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Salburuako institutuko irakasleek protesta egin dute Pradalesen bisitan
  • Institutuko giza baliabideak hobetzeko eskatu dute irakasleek, ikasleei kalitatezko arreta eman ahal izateko. Kartelekin eta pankartekin itxaron diete irakasleek lehendakariari. Jaurlaritzako ordezkariek ikastetxeko zuzendaritzari esan diote ez zutela "horrelakorik espero" eta "lotsagarria" dela.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko martxoaren 17a

Gasteizko Salburua BHI institutua inauguratu du astelehen honetan Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek, Imanol Pradales lehendakaria buru, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua ere aldean zuela. Ikasturte honetan zabaldu ditu ateak institutu horrek. Jaurlaritzaren bisita, beraien prentsa-oharraren arabera, "Euskadin hezkuntza-hobekuntza eta kalitatearen mesedetan hezkuntza-espazioak eraldatzeko gauzatua dagoen estrategiaren baitan" egin da.

"Borroka dinamika batean gaude, hainbat errebindikazio egiten", jakinarazi dio ARGIAri bertako irakasle Patrik Jimbertek. Ez zuten normaltasun itxurarik eman nahi, eta horregatik prestatu dituzte kartelak eta pankartak ordezkari politikoen etorreran. Ez dute interakziorik izan, baina Jaurlaritzako ordezkarien aurpegiak "koadro bat" izan direla esan du Jimbertek. Hasieran "harriduraz", beraien artean txutxu-mutxuka aritu direla esan du. Gero, "ez genuen espero" eta "lotsagarria da" esan dio ordezkari politiko batek zuzendaritzako kide bati.

Halako protesta edo aldarri unerik ez da ageri Jaurlaritzak zabaldutako notizian. Institutua inauguratzeko, ikasleekin hitz batzuk patioan lurperatu ditu Pradalesek –hogei urte barru aterako dituzte bertatik–, eta ondoren ikastetxeko areto batean eman du hitzaldia lehendakariak. Bideoan, hitz onak esaten eta bertako hezkuntza komunitateari eskerrak ematen ageri da, bestelakorik gertatu ez balitz bezala. Jimbertek ARGIAri esan dio areto horretara sartzeko gonbidapenik ez zutela ez irakasleek eta ez ikasleek; soilik zuzendaritzako kideak zeuden bertan.

Irakasleen aldarrikapenak

"Batez ere giza baliabide gehiago eskatzen ditugu, ikasleen beharrak ase daitezen", dio Jimbertek. Ikastetxe horretan, aipaturiko iturriaren esanetan, gero eta ikasle gehiago daude arazo psikologikoak edota behar bereziak dituztenak, "baina irakasleak ez gaude prestatuta; ez daukagu espezialistarik". Horrez gain, behin ikasturtea hasita etorritako bi ikasle ere badituzte ikastetxean, eta berez badago Jaurlaritzaren programa bat haiei hizkuntza-formakuntza ematea bermatzen duena, baina ez dira legeak ezartzen duen gutxieneko ikasle kopurura heltzen, eta, Jimberten esanetan, eskubide hori ez zaie bermatzen ari.

Bestalde, digitalizazio prozesu batean murgilduta daudela adierazi du institutuko irakasleak, Jaurlaritzak aginduta, irakasleekin eta hezkuntza komunitatearekin kontrastatu gabe, "pedagogikoki ere gailu digitalekiko harremana murrizten ari den garaiotan". Burokratizazio lan handiaz eta erakundeen jarrera unilateralaz ere egin dute protesta.

Esaterako, institutuaren eraikinaren adibidea ipini du Jimbertek: "1980ko hamarkadako kondizio irizpideei jarraituta eraiki berria da eraikina, uda ostean zabaldu zen. Eredu pedagogikoa asko aldatu da 1980tik, eta, aldiz, eraikuntzak segitzen du lehengokoen gisakoa izaten. Halaxe eraiki dute auzokideekin, ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin konpartitu gabe".

Eraikinak kanpotik itxura ona duen arren, barruko hainbat espazio ez daude oraindik egokituta, Jimberten esanetan. DBHko lehen mailako ikasleak hartu dituzte ikasturte honetan, sei ikasgela dira guztira, eta haien atzetik etorriko dira hurrengo urtean adin berekoak, horrela, urtez urte, institutuko lerro guztiak osatu arte.