argia.eus
INPRIMATU
Salbuespen neurririk ez!

Hainbat sinatzaile* 2024ko ekainaren 26a

Eusko Jaurlaritzaren menpean dauden kartzeletan euskal preso politikook gure senide eta lagunekiko komunikazioari dagokion arloan asko galdu dugu. Hilabeteroko aurrez aurrekoen kopurua txikiagoa da eta iraupenez laburragoak dira. Beraz, hurbilago badauzkagu ere, denbora gutxiago ematen dugu gertukoekin.

Bistakoa da preso ororentzat bere ingurukoekin harremana mantentzea eta gozatzea garrantzitsua dela, oinarrizko eskubidea delako. Are gehiago preso politikoon kasuan, Herriarekiko daukagun konpromisoari bizirik eusteko ezinbestekoa baita lotura hori.

Gure etxekoek eta lagunek ez digute sekula huts egin, eta hamarkadetan indarrean egondako sakabanaketari aurre eginez, kontaezinak diren kilometroak eginez, ekonomikoki eta fisikoki latz ordainduz. Ezin ahaztu errepide horietan bizitza utzitako hamasei lagun eta senideak, beti hor, gure ondoan egon dira.

Sakabanaketaren helburuak ez zituzten bete, Herriarekiko lotura ez da inoiz eten, elkartasuna eta kemena astebururo heldu zitzaigun preso gintuzten tokietara, gaur egun gertatzen den bezalaxe.

Baina, egun, Euskal Autonomia Erkidegoko kartzeletan gauzkatelarik, beste tresna bat sortu dute lotura hori apurtu nahian: salbuespeneko-neurria.

Dozenaka dira gurekin komunikatzeko debekua ezarri dieten lagunak. Judizialki helegiteak bideratu eta gero, ondorio honetara heldu gara: Jaurlaritzak eratutako zerrenda-beltz batez baliatuz debekatzen diete kartzelara sartzea

Dozenaka dira gurekin komunikatzeko debekua ezarri dieten lagunak. Azken hilabeteetan neurri bidegabe hori pairatu ostean eta, besteak beste, judizialki helegiteak bideratu eta gero, ondorio honetara heldu gara: Eusko Jaurlaritzak eratutako zerrenda-beltz batez baliatuz lagun ugariri debekatzen diote kartzelara sartzea, izan gurekin komunikatzera, izan bertan antolatzen diren kirol nahiz kultur ekitaldietan parte hartzera.

Salbuespen-neurri hori ezarri diete sektore iraultzaileetakoa izatea leporatu dieten eta haientzat deseroso diren edo haiek etsaitzat hartzen dituzten lagunei. Hori argi eta garbi ikus daiteke, adibidez, Auzitegi Nazionaletik gure helegiteei emandako erantzunetan, konpromiso militantea edukitzeak apartheid bat pairatzea dakarrela.

Idazki hau sinatzen dugunok egoera latz hau jakinarazi nahi diogu Herriari, salbuespen-neurri hau salatuz eta ozen esanez sakabanaketarekin lortu ez zutena ez dutela honekin ere lortuko. Herriaren maitasunak eta indarrak gure bizigai izaten jarraituko dute. Oraingoan ere denok batera egingo diegu aurre eraso hauei.

Errepresiorik ez!

Salbuespen neurririk ez!

*Hainbat preso politikok sinatua:

Julen Atxurra Egurrola

Oskar Barreras Díaz

Aitor Cotano Sinde

Orkatz Gallastegi Sodipe

Xabier García Gaztelu

Fernando García Jodra

Beatriz Etxebarria Caballero

J.M. Etxeberria Garaikoetxea

Garikoitz Etxeberria Goikoetxea

Daniel Pastor Alonso

Jon Kepa Preciado Izarra

Patxi Ruiz Romero

Jon Mirena Sampedro Blanco

Mikel Sansebastian Gaztelumendi