argia.eus
INPRIMATU
Salbuespen legediari amaiera jartzeko eskatu dute milaka pertsonek Sarek antolatutako manifestazioan
  • Milaka lagun bildu dira urriaren 23an Donostian Sarek antolatutako manifestazio orokorrean presoen eskubideak errespetatzeko eskatzeko. Antiguako tuneletik abiatu da 17:00etan eta Bulebarrean amaitu da.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko urriaren 25
Argazkia: Joseba Parron / Irutxuloko Hitza.

Manifestazioa hasi aurretik, alderdi, sindikatu, eragile sozial eta norbanakoekin talde argazkia egin dute. Babes zabala jaso du mobilizazioak: EAJk, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta ELA, LAB, UGT, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE, HIRU, CNT eta CGT sindikatuek adierazi baitute babesa. Horrez gain, herrialde katalanetako ordezkaritza ere izan da bertan: Dolors Bassa, Carmen Forcadell, Oriol Junqueras, Raul Romeva eta Josep Rull.

Amaierako ekitaldian, Arantza Aldezabalek eta Joseba Azkarragak irakurri dute oharra eta adierazi dutenez, giza eskubideen defentsan atera dira gaur kalera: “Pertsona guztien eskubideak, salbuespenik gabe. Giza eskubideak ezin direlako partzelatan bereizi; ezin dira batzuk defendatu, eta beste batzuk baztertu”.

Sareren ustez, “azken urte honetan aurrerapausoak eman dira”, baina oraindik eman beharreko pausoak daude aurretik: “Atzean utzi ditugu Levante, Andaluzia edo Galiziako espetxeak, baina oraindik ehun preso inguru daude Espainiako espetxeetan, eta hogei bat, Frantzian. Orain, Gaztelako, Aragoiko, Kantabriako, Asturiaseko, Logronñoko edo Madrileko kartzelak hustu behar ditugu, eta Iparraldeko kideek gauza bera egin behar dute Frantziako kartzelekin”.

Justizia eskatzen ari direla nabarmendu du Aldezabalek: “Legeria arrunta eskatzen ari gara, ezkutuko bizi osorako kartzela-zigorrak eragotziko dituen legeria, euskal presoen eskubide diren gradu-progresioa eta espetxeko baimenak ahalbidetuko dituena”.

Eusko Jaurlaritzak urriaren 1ean eskuratu zuen espetxeen eskumena, eta Sareren iritziz , espetxe politika humanista eta errepresiorik gabekoa garatzeko aukera dago orain. Helburu horretan “Sare batzeko baino ez” dagoela nabarmendu dute. Hala ere, hala ez bada, “bidezko bakea lortzeko ausardia, justizia eta humanitatea behar direla” gogorarazten jarraituko dutela adierazi dute.

Era berean, “errespetua” adierazi nahi izan diete “indarkeria mota guztien biktimei”. “Errespetu hori adierazi nahi diegu bateragarria delako gure herrian jasandako edozein indarkeriaren biktimekiko errespetua askatasuna kendu zaien pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzearekin”, gaineratu dute.

Amaitzeko urtarrilaren 8an “hitzordu garrantzitsua” dagoela gogorarazi dute, “bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde”. Herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete. Azkenik, Gatibu taldea igo da oholtzara eta kantuan eta dantzan jarri du jendea.