argia.eus
INPRIMATU
“Salbazio nazionaleko” gobernua eskainiko dio Rajoyk PSOEri
  • Akordio eskaintzak “buruzagitza partekatua” bilduko luke, El Mundo egunkariaren arabera. Hasiera batean, PPrekin gobernua osatzeari uko egingo diote sozialistek.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 01
Rajoy eta Sanchez datozen egunetan bilduko diren arren, sozialistak zail ikusten du akordioa lortzea. (Argazkia: El Plural)

“Espainia hondotik aterako duen gobernua” osatzeko proposamena egingo dio Rajoyk PSOEri. Hori lortzeko, jarduneko presidentea “buruzagitza partekatua” eskaintzeko prest egongo litzatekeela aurreratu du El Mundo egunkariak. Hala, alderdi sozialistak “politika aurrerakoiak egunerokotasunean txertatu” ahalko lituzkeela zehaztu dute.

Alabaina, aulkiez hitz egin aurretik “jarduera politikoaren lerroak” zehazteko beharra azpimarratu dute Rajoyren gertukoek. Rafael Catalá jarduneko justizia ministroaren esanetan, PP prest dago “guztiaz hitz egiteko, marra gorririk gabe”. Justizia eta hezkuntza arloko akordioak eta konstituzio erreforma jarri ditu adibidetzat.

PSOEk, oraingoz, ez du PPrekin gobernua osatzeko asmorik. El Mundoren arabera, alderdiko zuzendaritza orokorrak nahiz lurraldeetako ordezkariek uko egingo diote Rajoyren eskaintzari. Susana Diaz Andaluziako presidentearen ustez “PSOEren 85 eserlekuek oposiziora bidaltzen” dute alderdi sozialista, eta baieztatu du “koalizio handiaren aurka” egon dela beti: “Rajoyren balizko eskaintza ez dut kontuan hartzen”.

Egun alboratuta badute ere, PPn jakitun dira sozialistek betoa mantentzen badute “B plana” abiarazi beharko dutela; Ciudadanos, EAJ eta Coalicion Canariarekin bat egitea litzateke hori. Jeltzaleek “oso zaila” ikusten dute popularrekin akordiora iristea. Koldo Mediavillaren iritziz, EAJk PPri babesa ematea negoziazio kontua dela uste duenak “eserita itxaron dezake”.