argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Sánchezen salbamendu-uztaia eta txupina

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko maiatzaren 30
Ione Belarra, Podemoseko idazkari nagusia eta politikari iruindarra. (Argazkia: Podemos)

Purrustada dezente entzungo ziren atzo Hegoaldeko herritarren artean, Pedro Sánchezek hauteskundeak aurreratu dituela-eta. Marka da gero, uda betean, kasik abuztuan, herritarrak bozkatzera eta mahai elektoralak osatzera deitzea. Titular nagusia da ezustean harrapatuko zituela guztiak, baina zinez, ez zen ezusteko atsegina izan: haserrea baino, atsekabea, nagia eta asperdura eragiten du. Baina izango du arrazoi estrategikoa: despolitizazioa. Eta okerreko hankarekin harrapatzea eragile politikoak, hori ere bai.

Okerreko hankarekin harrapatuko zituen beraien burua PSOEtik ezkerrera kokatzen duten alderdi politiko instituzionalak ere. “Eskertuko didazue”, esango zien agian Sánchezek gobernukide dituen moreei, eta hori esaten zuenean, salbamendu-uztaiak banatuko zituen ezohiko gobernu kontseiluan. Ezker instituzional espainiarrak beharko du laguntza, beharko du fitxak mugitzea, maiatzaren 28an jazotakoa desastre hutsa izan zaie-eta. Madrilen desagertu egin dira, alkatetzak galdu egin dituzte Bartzelonan eta Cadizen, historikoa izan da, eta astindua jaso dute Valentzian, besteren artean.

Ezkerra “anitza” da, izen horrekin sortu zen lehen ere koalizio bat, orain beste talde batean murgilduta dagoena, eta beste bat sortu, gero beste batean murgiltzeko. Jomugan izango dute orain adostasunetara heltzea, ekainaren 9ra arteko epea dute, eta heltzen badira, eta berriz ere guztiak elkartu, alternatiba direla esango dute –PPk azken orduetan egin bezala, "ziklo aldaketa" iradoki du–. Ea datozen egunetako komunikazio-estrategietako bileretan zer erabakitzen duten PSOEtik ezkerrera kokatzen diren talde espainiarrek. Egin apustu, baietz kanpainan gehien erabiltzen den hitza “batasuna” izan.

Ezkerreko alderdi guztientzat ez da salbamendurik izango, ordea. Ekainaren amaiera partera negoziatuko da Nafarroako Gobernuaren osaketa, behin ekainaren 16an parlamentua eratuta, eta itxura guztien arabera, ezer gutxi erabakiko da PSNren egoitzatik, eta ohi baino gehiago PSOEren egoitza zentraletik. Ikusi beharko da, beraz, PSNk ze jarrera hartzen duen EH Bildurekiko. Parlamentuan ez ezik, eta akaso interesgarriago, erreparatu beharko zaio Iruñeko aldarteari. Asironek gidatu dezakeen lauko udal gobernu aurrerakoia gero eta urrunago egon daitekeela pentsa daiteke hortaz. Ibarrolak eta Esparzak egiten dute jada ohartarazpena.

Luze joango da kanpaina, eta ez da atsegina izango irenstea. Aurre-kanpaina hasi da jada, eta aurre-kanpainaren onena, aurre-kanpaina bera bukatu eta kanpaina hastea izango da. Uztailaren 7an hasiko da hauteskunde orokorretarako kanpaina. A ze urduritasunak batzuentzat; gozatu txupina Iruñean.