Gibraltarreko itsasartean patera bat noraezean dabilenean, arriskuan den migratzaileak badaki nori deitu: Helena Malenoren telefonoa beti dago eskuragarri, eta hark Itsas Salbamenduari abisua pasatzen dio lehenbailehen.
Dei horrek ehunka lagun salbatu ditu azken urteetan, baina orain Maleno bera dago arriskuan: Tangerreko apelazioko auzitegiak deklaratzera deitu du, pertsonen “trafikoagatik” abian jarritako nazioarteko ikerketa baten harira.
Caminando Fronteras kolektiboko kide da Helena Maleno (El Ejido, 1970), giza eskubideen aldeko aktibista eta kazetaria. Talde horrek lan handia egin du azken urteetan, mugan dauden migratzaileekin harreman zuzena izan eta laguntza emateko. Hala, euren herrialdetik ihesean doazen jendearen konfiantza irabazi dute eta itsasoa gurutzatzen ari direnean arazorik izanez gero haiengana jotzen dute.
“Laguntza dei horiekin lokartu eta esnatu nahiz nire 20 urteetatik 16tan, eta orain delitu izan daiteke”, esan du haren semeak El Salto hedabidean argitaraturiko gutun batean. Marokoko Justiziak ezkutuko immigrazioa sustatzea leporatzen dio Malenori. Deklarazioa hartzeko eguna urtarrilaren 10era atzeratu du Tangerrek.
Kazetariak berak azaldu duenez, baina, ikerketa Espainian abiatu zen 2012an, froga bakartzat Itsas Salbamenduari egindako dei horiek dituzte ordea. Malenok lehenago ere jaso izan ditu mehatxuak bere lanagatik. Hala, uda honetan Tarajaleko mugan Espainiako Poliziak migratzaileen kontra egindako oldarraldi bat salatzeagatik irain eta mezu ugari jaso zituen.
Babesa, Euskal Herrian ere bai
Giza eskubideen aldeko elkarte eta kolektibo ugarik adierazi diote babesa andaluziarrari, eta ehunka pertsona ezagunek sinatu dute haren lanaren aldeko manifestua.
Euskal Herrian, EAEko Arartekoak Marokon antzeko kargua duen (Mediateur Royaume) Abdelaziz Bezankourrekin harremanetan jarri da kezka azalduz eta “Helena Malenok hegoaldeko mugan egiten duen lana euskal taldeei interesgarria eta miresgarria iruditzen zaiela adierazteko”.
Arartekoak Marokoko bere kidea baita Mediateur du Royaumearekin harremanetan jarri du, Helena Maleno euskal ekintzailearen kasuari buruz interesatzeko asmoz https://t.co/lZmBxHHZoW
— Ararteko (@Ararteko) 2017(e)ko abenduak 26
Bestalde, Nafarroako hainbat kolektibo sozialen ordezkariek idatzia helarazi zioten Espainiako Gobernuko ordezkariari, eskatuz Gobernuak babes ditzala giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonak. Asteazkenean arratsaldeko 19:00etan, berriz, elkarretaratzea egingo dute Iruñeko Merindade plazan. Deitzaileek azaldu dutenez, Malenoren kontrako jazarpena ez da gertaera isolatu bat: “Elkartasuna delitu bihurtzen saiatzen ari dira”.