Sarek antolatuta arratsaldeko 17:30etan abiatuko da manifestazioa Bilboko kaleetan barrena. ARGIAk sare sozialen bidez emango du haren berri arratsaldetik aurrera, irudi ikusgarrienak, datuak eta iritziak bilduz.
Urtero egin ohi da presoen eskubideen aldeko mobilizazio jendetsua Bilbon, baina aurtengoa "inflexio puntu" izatea nahi dute antolatzaileek. Ia 300 autobus antolatu dituzte Euskal Herriko herri eta txoko ugaritatik –iaz baino %15 gehiago– eta jende ezagun askoren babesa jaso du #SalatzenDut kanpainaren bidez.
Hain zuzen, Sarek izaera anitza eman nahi izan dio bereziki manifestazioari, presoen eskubideak errespetatu eta bakearen eta konponbidearen norabidean aurrera egitea, euskal jendarte osoaren aldarria dela erakusteko. Pankarta nagusia pentsamolde ezberdinetako 13 lagunek eramango dute.
Goizean egindako prentsaurrekoan Sarek azaldu du dena prest dutela ekitaldirako. Bego Atxa Sareko bozeramaileak azaldu du "espektatiba handiak" dituztela gaurko mobilizazioarekin eta giza eskubideen aldeko jarrera "nabarmen" agertuko dela Bilbon.
ARGIAk sare sozialen bidez jasoko du manifestazioan gertatzen den guztia eta irudi ikusgarrienak, datuak eta informazioa eskainiko du arratsalde osoan zehar bere Twitter kontuaren bidez, Facebooken eta Telegramen.