argia.eus
INPRIMATU
Salatu dute Poliziak hamalau urte inguruko gazteak miatu dituela Iruñeko ikastetxe baten atarian
  • Droga bilatzeko operazioa dela esan diete agenteek ikasleei, Naiz-ek jaso duenez. Poliziak uniformerik gabe zihoazen, eta ez dute zehaztu zein polizia-kidegoren parte diren.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 19a
Polizien harrokeria salatu dute sare sozialetan, eta azpimarratu ez dela horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia.

Poliziak Biurdanako (Iruñea) ikastetxe sarreran hamalau urte inguruko hainbat gazte miatu dituela salatu dute. Naiz-ek jakin duenez, agenteek ikasleei adierazi diete droga bilatzeko operazioa dela. Uniformerik gabe zeuden poliziak, eta ez dute zehaztu zein polizia-kidegoren parte diren.

Miatu duten ikasleetako baten aitak Twitterren azaldu du txakurrak usnaka aritu zaizkiela. Polizien harrokeria salatu dute sare sozialetan; gazteek esan diete klasera berandu iritsiko zirela, eta agenteek erantzun "ez zela beren arazoa". Azpimarratu dute ez dela horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia.