argia.eus
INPRIMATU
Salatu dute migratzaileak eta aterpe bila dabiltzanak identifikatzen ari dela Gasteizko Udaltzaingoa
  • Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkarteak ohartarazi du "legez kanpokoak" direla identifikazioak.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko apirilaren 09a
Udaltzainek migratzaileekiko duten jarrera salatu dute. ALEA

Gasteizko Udaltzaingoak migratzaileak eta hirian aterpe bila dabiltzan pertsonak "legez kanpo" identifikatzen ari dela eta "sarekada arrazista" egiten ari dela salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkarteak. Gainera, pertsona horiek identifikatzeari uko egiten baldin badiote, Espainiako Poliziaren eskuetan uzten dituztela esan du errefuxiatuen babeserako elkarteak. Batik bat, Errota eta Koroatze auzoetan atzeman dituzte migratzaileen identifikazioak.

Gasteizko Udala erakusten ari den "pasibotasuna" salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak: "Gasteizko Udalak udaltzainei utzi egiten die hala jokatzen edo, behintzat, ez ditu beharrezko neurriak hartzen halakorik egin ez dezaten". Halaber, nabarmendu dute orain dela urte batzuk Gasteizko Sindikoak berak egoera horren berri eman zuela eta adierazi zuela Udaltzaingoaren jokaera zuzenbidearen kontrakoa dela. "Gauza bat da delituren batean parte hartzearen susmoagatik identifikatzea, eta beste bat, oso bestelakoa, jatorriagatik eskatzea identifikazioa, hau da, arrazoi arrazista huts bategatik".

Horrenbestez, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak Sindikoari eta Arartekoari jokaera "larri" horren berri eman diote, egin beharreko txostenak egin ditzaten. Era berean, exijitu dute udaltzainek "identifikazio arrazista eta legez kontrako gehiago ez egiteko".

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.