argia.eus
INPRIMATU
40. urteurrena
Salatu dute Lasa eta Zabala oraindik ez dituztela “terrorismoaren biktima” gisa aitortu
  • Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketaren 40. urteurrenaren harira oroimen ekitaldia burutu dute Busoten, Alacanten, euren gorpuak ezkutatu zituzten tokian. Lore eskaintza handi batekin oroitu dituzte bi tolosarrak.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 09a
Lasa eta Zabala oroitzeko senide eta lagunek egindako ekitaldia (Argazkia: Tolosako Udala)

Berrogei urte beteko dira GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosarrak Baionan bahitu, Donostian torturatu, hil eta Busoten lurperatu zituztela. Egiari Zor fundazioak omenaldia egin du joan den larunbat honetan, euren gorpuak aurkitu zituzten tokian. Senide, lagun eta bertako herritarrez gain, ordezkari politikoak ere bertaratu dira, eta salatu dute 40 urteren ostean oraindik ez dituztela “terrorismoaren biktima” gisa aitortu bi gazteak.

Guztira 50 pertsona inguru elkartu dira ekitaldian. Lore eskaintza handi batekin oroitu dituzte eta algarrobo bat landatu dute, gorpuak aurkitu zituzten toki berean. Gaur gaurkoz Tolosako alkate den Andu Martínez de Rituerto ere bertan izan da, “Espainiako Estatuko gorputz parapolizialen indarkeria” jasan zuten bi tolosarrak gogora ekartzeko. Nabarmendu du, gainera, senideek oraindik ere “aitortza ofizialik gabe” jarraitzen dutela.

Biktimen senideek ere hitza hartu dute ekitaldian. Pili Zabalak, Joxi Zabalaren arrebak, eta Axun Lasak, Joxean Lasaren arrebak, “estatuaren hurbilketa zintzo bat” aldarrikatu dute, 1983ko urriaren 15eko gau hartan gertatutakoa onartzeko eta euren nebak “biktimatzat” aitortzeko. Martínez de Rituertok azpimarratu duenez, senitarteko eta herritarrei “azken agur duina emateko eskubidea ukatu zitzaien”.

Egiari Zor fundazioak Espainiako Estatuko Gobernuari dei egin dio “estatu terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketa guztien erantzukizunak” bere gain har ditzan, bai eta “eragindako mina” aitor dezan, X sare sozialean zabaldutako mezuan. Fundazioak jakinarazi du hurrengo egunetan ere Lasa eta Zabala oroitzeko bestelako jarduera batzuk egingo direla: urriaren 10ean Tolosako institutuetan Lasa eta Zabala filmaren proiekzioa eta urriaren 20an azken ekitaldia Tolosako Topic Aretoan