Maiatzaren 9an atera dira aurrematrikulen zerrendak, eta Haur Eskoletako Gurasoak elkarteak salatu du Iruñeko Udalak %20ra “mugatu” duen euskarazko eskaria izatez %35,2koa dela. Gainera, azpimarratu dute euskara ezin dela neurtu eskaintza-eskaria parametroetan, zeren “ume guztiek” baitute euskara ikasteko eskubidea.
Haur Eskoletako Gurasoak elkarteak aztertu egin ditu astelehenean argitaratutako Iruñeko haur eskoletako aurrematrikulen datuak, euskararen eskariaren arabera. Bada, salatu dutenez, estatistikek erakutsi dute euskarazko eskaria instituzioek diotena baino %15 handiagoa dela. Gurasoek kalkulatu dute euskarazko eskaintza dagoen eremuetan batez besteko eskaria %35,2koa dela, eta ez %20koa, udalaren datuek dioten bezala: “Iruñeko Udalak euskarazko eskaria %20 batera mugatu du, estatistika faltsuak eta bere nahiaren propaganda eginez”, salatu du HE Gurasoak elkarteak. Ohartarazi dute estatistikak ezin direla “datu estatistiko absolutuetan” baloratu, baizik eta auzoz auzoko datuetan. Izan ere, Iruñea erdian ez da euskarazko plazarik eskaintzen, adibidez, eta azpimarratu dute gertutasuna kontuan hartzeko faktore garrantzitsua dela gurasoentzat, haurreskola hautatzerako orduan.
Halaber, nabarmendu dute euskara ezin dela eskaintza-eskaria parametroen bidez neurtu: “Ume guztiek dute euskara ikasteko eskubidea”. Elkarteak eskatu die Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari euskararen bazterkeria gelditzeko eta aldarrikatu dute 0-3 urteko haurrentzako eskolak “gertu eta murgiltze ereduan” behar dituztela.