argia.eus
INPRIMATU
Salatari lanak egitea proposatu zion Guardia Zibilak Melillako hesia zeharkatzea lortu zuen kamerundar bati
  • Taffou Nyame Renaud kamerundarrak salatu du Espainian bizitzeko aukera eman ziola Guardia Zibilak salatari lanak egitearen truke. Eskaintza onartu ezean deportatzearekin mehatxatu zuten 2014eko maiatzean Melillako hesia zeharkatzea lortu zuen gaztea.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 24a
Taffou Nyame Renaud astelehenean atxilotu dute. (Argazkia: eldiario.es)

Astelehenean atxilotu dute Renaud eta Bartzelonako Atzerritarren Internamendu Zentrora eraman dute. Poliziaren baimena izan arren, salatu du azken hilabeteetan hainbat aldiz eragotzi zaiola itsasontziz Melillatik iberiar penintsulara bidaiatzea, inolako arrazoirik eman gabe. Kamerunera deportatu dezakete orain, poliziak mehatxatu bezala.

Ustez Renaudek berak Melillako Guardia Zibilaren komandantzian egindako grabazio bat argitaratu du Periodismo Humano hedabideak. Grabazioan entzun daitezke kamerundarrak agente batekin ingelesez izandako ustezko elkarrizketaren pasarteak.

Grabazioan ingelesez entzun daitekeen elkarrizketa:

Guardia Zibila.: Laguntzen didatenei (penintsulara) joaten uzten diet eta gauza gehiago ere bai.

G.Z.: Ez dizut ordainduko, baina Europarako giltza, (...) agiriak eman bai.

G.Z.: Ez duzu Espainian bizitzeko baimena lortuko (...) Espainiako Gobernuak ez ditu egiten kanpotarrentzako dokumentuak. Bi aukera dituzu. Deportatzea posible badu, deportatu Gobernuak deportatu egingo zaitu. Bestela, Atzerritarren Internamendu Zentrorako papera soilik emango dizute.

Renaud: Ez dakit zergatik geldiarazten nauzuen hemen. Nire anaia irten zen. Nire familia eta nire ama sufritzen ari dira.

G.Z.: Esaten didazun guztia egiaztatuko dut (...) Gezurren bat esaten badidazu denbora luzez ikusiko zaitut hemen. Bestela, joaten utziko dizut.

R: Ezin dut informaziorik eman. Ez naiz polizia. Ez naiz guardia. “Beltzaran” bat besterik ez naiz. Ez da nire lana.

G.Z.: Baietz uste dut. Azkarra zarela uste dut, edo azkarra zarela pentsatzen duzula. Esaten ez dizkidazun gauza asko dakizkizula uste dut. Momenturen batean deitzen badizut Willy naizela esango dizut. Hori da jakin behar duzun izena.

Ondorengo bideoan gertakarien eta bere egoeraren inguruko deklarazioak egiten ditu Taffou Nyame Renaudek: