argia.eus
INPRIMATU
Salaketa zabala eragin du Donostiako lau gazteren bideo batek: “Zenbat homosexual jipoitu dezakezu?”
  • Homosexualak beren eskuekin, ukabilka, hilko dituztela esaten dute Twitch plataformara igotako bideo batean, eta Julbit izeneko gazte bat darabilte adibidetzat. Gazteak berak salatu du gertatutakoa Twitter bidez.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 02a
Donostiako lau gazteen bideoaren fotograma bat

Donostiako lau gazte homosexualak jipoitzeari buruz aritu dira beren Twitch kanalera igo duten bideo batean. Bideoan Julbit ezizenez deitu dioten pertsona baten adibidea jarri dute. Sare sozialetatik azkar kendu badute ere, erabiltzaile batek zati bat grabatzea lortu eta Twitterrera igo du bideoa. Mehatxuak jaso dituen Julbit gazteak erasoaren aurkako salaketa egin du sare sozial horretan eta zabalpen handia izan du sarean eta zenbait hedabidetan gertatutakoak.

“Zenbat homosexual `jaitsi´ ditzakezula uste duzu?”, galdetzen dio gaztelaniaz bideoan mutil batek besteari. “Zer da `jaitsi´?”, erantzuten dio lagunak. “Zure eskuekin hil”. Barre artean grabatu dute elkarrizketa, eta homosexualak ukabilka nola jipoituko lituzketen kontatzen dute. Sare sozialetan dagoen bideoak 40 segundu eskas irauten du. Ez da jatorrizko grabaketa, lau gazteek Twitchera igotako bideoa ezabatu egin baitute. Erabiltzaile batek, ordea, zati bat gorde eta Twitterrera igo du.

Bideoan Julbit izeneko gazte donostiar batez hitz egiten dute. Julbit bera izan da, Twitter bitartez, mehatxuen aurkako salaketa egin duena. Lau mutil horiek ezagutzen dituela azaldu du, eta betidanik iraindu izan dutela, baina beren hitzak ez dituela inoiz serio hartu. Orain arte. Oraingoa "gehiegizkoa" izan da: “Ez dut onartuko astakirten batzuk barre-algaraka egotea `marikoiak´ jotzeaz hitz egiten dutenean eta barregarria izango balitz bezala grabatzen dutenean”. Gainera, Julbitek salatu du lau mutilek uste dutela “askatasuna” daukatela mota horretako mehatxuak zigorrik jaso gabe egiteko. Julbitek zabaldu duen mezuak babes handia lortu du Twitterreko erabiltzaileen artean.

Mutilen Twitch kanala

Ez da lehen aldia Donostiako lau gazteek horrelako bideoren bat egiten dutena. El Diario Vasco hedabidearen arabera, Twitcheko kanalera igo duten aurreko bideoan ere homosexualen aurkako irainak zabaldu dituzte gazteek. “Zer da hobea, bularreko minbiziaren aurkako txertoa edo gay-entzako txertoa?", galdetzen dute bertan, eta homosexualak “oso gaixorik” daudela esaten dute. 

LGTBIQ+ eta erasoak

Ekainaren 28an ospatu zen LGTBIQ+ eguna, eta hainbat aldarrikapen egin ziren kolektibo horren aurkako jarrerak salatzeko. Mehatxu eta irainak asko dira oraindik. Irutxuloko Hitza hedabideak bildu duenez, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna baino pare bat egun lehenago jaso zuen erasoa salatu du beste gazte donostiar batek. Informazioen arabera, neska batekin eserita zegoen Alderdi Ederreko aulki batean, eta gizonezko bat —ezagun baten anaia— eseri zitzaien ondoan. Neska ukitzen saiatu zen, eta berari “maritxu” deitu eta hil egingo zuela esan zion. Neskak listua bota zion, eta horren ondoren, gizonezkoa bi lagunak jotzen hasi zen.

Antzeko eraso bat jazo zen Basaurin hilabete eskas lehenago. Ekainaren 3an, Ekain Perrino 23 urteko mutila “marikoi zikina” oihu artean jipotu zuten hamairu gaztek. Jasandako kolpeen ondorioz, konorterik gabe eraman behar izan zuten ospitalera.