argia.eus
INPRIMATU
Salaburu: “Euskaltzaindian kudeaketa ereduarekin ados jartzen ez diren bi talde daude”
  • Pello Salaburu Euskaltzaindiako Gramatika Batzordeko presidente ohiak erakundearen barnean kudeaketa ereduarekin ados jartzen ez diren “egituratu gabeko” bi talde daudela aitortu du. 

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 06a
Pello Salaburu, Gramatika Batzordeko presidente ohia. (Arg: Deia)

“Batzuek gauzak era batean egin nahi dituzte, eta beste batzuek beste era batean. Dena den, guk –Gramatika Batzordeko kideei erreferentzia eginez– ez dugu gehiengoaren iritzia onartzeko arazorik. Beti ere, errespetutik egiten bada. Ez dugu duintasuna galdu nahi”. Adierazpen horien bitartez argitu nahi izan du asteartearekin hasitako liskarra.

Izan ere, urak harrotuta daude Euskaltzaindian, euskararen egunarekin batera Gramatika Batzorde osoak dimisioa aurkeztu eta elkartasunez Ibon Sarasolak postua utzi zuenetik.

Salaburuk gatazkaren nondik norakoak azaldu nahi izan ditu, Deia egunkariari bidalitako eskutzi baten bidez. Gatazka “akademikoa” dela azpimarratu du, boterearengatik sortutako barne lehia dela dioten zurrumurruak isilarazi nahian.

Ildo horretik, adierazi du ez duela “inoiz” pentsatu Euskaltzaindiako lehendakari izateko aurkeztea.