argia.eus
INPRIMATU
Eñaut Martikorena:
“Sakontasuna eta sakonkeria nahastu gabe”
  • Azaroaren 12an jokatu zen finalerdietako lehen itzuliko azken saioa. Espektatiba eta presio artean bide eginez ibili ziren bertsolariak eta, tartean, Eñaut Martikorena, zeresana emateaz gain, zer esana baduen bertsolaria.

Eli Pagola 2022ko azaroaren 14a
Eñaut Martikorena, Durangoko saioaren ostean. Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Txapelketa honetako sorpresetako bat izaten ari zara. Nola bizi duzu hori?

Beti da pozgarria jendea positiboki harritzea eta, egia esan, gustagarria zait baina presio puntu bat ere nabaritu nuen tabladurako bidean. Hala ere, ez da egunerokoan nabaritzen dudan zerbait.

Zure irudi bat sortu da. Pankarta batean "Txirrita Gaztia" ageri zen, bertsoaldietan sarri aipatu ziren Hernani, sagardotegia, urduria, txispaduna zarela…

Pankarta oso bertsozaleak ez diren lagunek egindakoa zen. Ezagutzen dituzten bertsolari gutxietatik lotura fisikoa eginda dagoela uste dut, beraz, anekdotikoa delakoan nago.

Tabladuko aipamenek, berriz, nahiko harritu ninduten, bertako bertsolari ezezagunena izanik iruditeria kolektibo batean dagoen bertsolariaren rola hartu nuelako. Bestalde, orain arte nigatik idatzi denagatik, umorera oso lotuta jartzen naute eta ganbara bidean buruan nerabilkien zortziko handiaz aparteko guztia umorera eraman nuela eta uste dut umoreaz gain eskaintzeko zerbait eta mezu gaitasuna badudala. Ez zitzaidan gustatu estereotipoa erreproduzitea, bertsolari osoa izan nahi nuke, sakontasuna eta sakonkeria nahastu gabe.

Publikoan zerbait sortzen da zu kantatzera zoazenean. Zerbait esateko?

Ez dakit oso ondo zergatik den. Besterik gabe, eskertzen dut nigan jartzen den arreta.

Zer bilatzen duzu bertsotan?

Niretzat bertsoa da gozatzeko bide bat, barruak hustutzekoa eta besteen paperean jartzeko ariketa. Plazan behintzat, egoaren umiltze ariketa bat da, baina, batez ere, bertsoan bilatzen dudana da hausnarketa entretenigarriagoa egiteko modua.

Denbora izan da zure marka. Nola osatzen dituzu bertsoak?

Bertsoa ikusteko moduagatik, ariketa ahalik eta bat-batekoen transmititzen saiatzen naiz, ez azkar hasteagatik, baizik eta bertsoa unean bertan eraikitzeagatik. Ez ditut beste estiloak gutxietsi nahi, besterik gabe, ahalik eta garbien transmititzen saiatzen naiz nire buruarekin dudan jolasa.

Gero, baita ere, ez naiz memoria handiko pertsona eta ez dut uste buelta gehiago emanagatik bertsoa oroitzeko gai izango nintzatekeenik, beraz, azkenean, unean bertan pentsatzen bukatuko nuke. Horrez gain, Donostiako saioaren ondoren, sentsazioa nuen denbora azpimarratu zela eta itzal egin ziola edukiari. Alde horretatik, konplexu pixka batekin joan nintzen Durangora.

Osaketari dagokionez, kontatu nahi dudana pentsatzen dut eta bertso bakoitzarekin noraino iritsi nahi dudan eskematizatu. Batzuetan azken puntutik eta besteetan ez. Uste dut oso modu irmoan erakusten dela bertso eskoletan bukaeratik hasi behar dela eta ongi dago erraminta gisa, baina ez dut uste dogma behar lukeenik eta bertsotan egiteko modu bakarra denik. Inprobisazioa ardatz duten beste adierazpide batzuetan dagoen debatea da.

Zer ahozapore uzten dizu Bertsolari Txapelketa Nagusiak?

Nahiko zapore ona, bere gazi eta gozoekin.