Ezinezkoa da gaur egun koltanik gabe mugikorrak fabrikatzea. Mineral horren munduko erreserben %80 Kongon (Afrika) dago eta horiek denak kontrolpean dituzte talde armatuek; horrek eragindako gatazkak milioika hildako eragin ditu azken bi hamarkadotan. Izan ere, herrialde garatuek bizi izan duten iraultza teknologikoa ezinezkoa izango zen Kongotik koltana lortu izan ez balute. Jolas eta Ekin elkarteak, Uribe Kosta BHIko ikasleakaz batera, mugikor-bilketa jarri du martxan Plentzian, ikasleak gatazkaren jakitun jarri ez ezik, pertsona kritiko, berritzaile eta solidarioak ere hezte aldera.
“Mugikorrek, tabletek eta ordenagailuek Kongoko ekialdeko gerrarekin duten loturaz sentsibilizatu nahi dugu biztanleria, eta bide batez, ikasleen konpetentziak eta gaitasunak ere garatu”, azaldu du Ivan Barrio Jolas eta Ekineko kideak. “Ez dugu utzi behar meategietan hainbeste jende esplotatzen eta langileak talde armatuen zerbitzura egoten, gero odolez zikindutako mineral horiek gure eskuetara iristen dira gure mugikorretan ezkutatuta”, gehitu du.
Kongon bost milioi pertsona baino gehiago hil dira azken bi hamarkadetan eta lau milioik bere etxebizitza utzi behar izan dute, “Kongoko mineralen gerra” izena eman dioten gatazka dela eta. Horrez gainera, 100.000 emakume bortxatu eta umeak soldadu izatera behartu dituzte. Keinua “txikia baina eragin handikoa” izango delakoan dago Barrio. Gainera, gaur egungo gizartean hainbat erronkari “aurre egin” behar zaiola ere adierazi du: baliabideen eskasiari, naturaren ustiapenari, gatazka armatuei eta arrazismoaren hazkundeari, besteak beste.
Mugikor-bilketa Uribe Kosta BHIko DBH 2. mailako ikasleek antolatu dute. Ekimena maiatzaren 31ra arte izango da Plentzian eta Batela tabernan, udaletxean eta Gerezi Gozoki Dendan utzi ahal izango dira gailuak.
Albiste hau Hirukak argitaratu du, eta CC-By-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.