argia.eus
INPRIMATU
Sakanan torturak utzitako aztarna aitortzeko beste urrats bat eman dute ‘Arg(h)itzen’ dokumentalarekin
  • Altsasuko Iortia Kultur Guneko Areto Nagusiaren harmailak jendez beteta zeudela egin da asteazkenean Arg(h)itzen dokumentalaren estreinaldiko emanaldia. Torturak Sakanan utzi duen aztarnaren kontakizuna da film hau, eta egun aproposa aukeratu dute lehen aldiz publikoki erakusteko.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2024ko ekainaren 28a

Estreinaldian egon direnen artean, dokumentalean parte hartu duten 30 torturatu sakandarrak, eta horietaz gain, Hilario Urbizu olaztiarraren senitartekoak. Hilario 1975 urtean torturatu zuten eta oraindik ez du itzultzerik izan bere jaioterrira, Mexikon erbesteratu baitzen. Iortian ere egon dira beraien ezagutzatik torturaren praktikak dituen ertz ugariak aztertzen lagundu duten adituak: Iñaki Egaña historialaria, Martxelo Otamendi eta Mikel Reparaz kazetariak, Amaia Izko abokatua eta Jeannete Goikotxeta Euskal Kriminologia Institutuko lan taldearen laguntzailea.

Dokumentalaren ekoizpen prozesuari ekarpena egin diotenen artean, Altsasun egon dira Euskal Memoria Fundazioa, Iratzar Fundazioa, Olaso Dorrea Fundazioa, Foku Ekoizpen Audiobisuala, Elkar Argitaletxea, Ahotsa.info, Sakanako hamahiru udaletako alkate eta zinegotziak, Nafarroako Memoria Institutua…

Nafarroako Gobernuaren aldetik, Ana Ollo sailburu anderea egon da, Nafarroako Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualderekin batera, eta lehenengo ilaretan EH Bildu, Geroa Bai eta Elkarrekin-Zurekin talde politikako ordezkariak izan dira.

Manu Gomez dokumentalaren lan taldeko kideak eta Nafarroako Torturatuen Sarearen Ainara Gorostiagak hartu dute hitza parte hartzaileek egindako esfortzua eta egindako lana eskertzeko.