Sunsundegik “produktua eta merkatua” dituela azpimarratu dute Altsasun eginiko manifestazioan. “Nafarroarentzat enpresa estrategikoa” izan daitekeela defendatu dute langileek, eta itxiera “aukera gisa ulertzen ez dutela” ziurtatu.
3.000 lagunetik gora bildu dira igandean Altsasun, hartzekodunen konkurtso egoeran dagoen autobusen karrozeria den Sunsundegi enpresaren etorkizunari irtenbide bat eskatzeko. Iraungi da dagoeneko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea.
“Sakanan bizi eta lan egin nahi dugu, eta Sunsundegik eskualdean aberastasuna birbanatuko duen kalitatezko industria eta enplegu plan bat behar du”, adierazi dute Izaskun Zudaire eta Asier Beltza eledunek enpresa batzordeak antolatutako manifestazioaren ostean. Ordezkariek azpimarratu dute unea “erabakigarria dela”, hilabete barru erabakiko baita konpainiaren etorkizuna: “Enpresak aspalditik dakartzan arazoak konponduko dituen plan bat behar da”.
Sunsundegi enpresaren bideragarritasuna defendatu dute langileek, “produktua eta merkatua dituela” azpimarratuta. Jakinarazi dutenez, hainbat inbertsorek interesa adierazi dute, baina “proposamen sendo bat falta da”.
“Nafarroako Gobernuaren, Volvoren eta administrazio konkurtsalaren artean bermedun akordio bat lortu behar da”, azaldu du batzordeak. Era berean, krisi hau “jarduera berrasmatzeko” aukera izan daitekeela iritzi dute langileek: “Bidaiarien garraioaren sektorea aldatzen ari da, klima-aldaketa bezalako erronken ondorioz. Sunsundegi enpresa estrategikoa izan daiteke Nafarroarentzat eta Sakanarentzat datozen urteetan”.
Enpresa batzordeko presidente David Trevejok “eskaintza zehatzen” faltak eragindako kezka nabarmendu, eta adierazi du Sunsundegik “mugikortasuna bezalako sektore estrategiko batean profesional handiak” dituela. Gaur egun, 351 langilek osatzen dute langile taldea, UGT, LAB, CCOO eta ELA sindikatuetako delegatuek ordezkatuta. “Itxiera ez dugu aukera gisa ulertzen”, segurtatu dute.