argia.eus
INPRIMATU
Sakanako Mankomunitateak 113 tona konpost banatu ditu
  • Azaroa bitarte 757 etxeetatik joan dira Arbizuko hondakindegira konpost bila. Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako ikerketak Sakanako konpostaren kalitatea berretsi du.

Guaixe .eus @guaixe 2018ko abenduaren 05
Arbizu hondakindegiko konpost metetatik hartzen. (Argazkia: Guaixe)

Sakanako Mankomunitateak Arbizun duen hondakindegitik pasatzen denak konposta etxera eramateko aukera du. Astegunetan 08:00etatik 15:00etara joan behar da horretarako, bulegotik pasa eta jakinarazpena egin ondoren 250 kilo arte eramateko aukera dago. Baratzeko lurrarekin nahastu eta haren kalitatea hobetzeko edo ongarri bezala erabil daiteke konposta. Aurten dagoeneko 757 etxeek erabili dute aukera hori eta Mank-ek, guztira, 113.340 kilo konpost banatu ditu azaroa bitartean.

Mank-ek sortzen duen konpostari kalitate kontrolak pasarazten dizkio urtero, eta hala, haren kalitate ona ziurtatzen dute. Horiei aurten Nafarroa Unibertsitate Publikoak (NUP) egindako azterketa gehitu zaie. Eta emaitza berretsi egin du Ignacio Irigoien Iriarte agronomia, bioteknologia eta elikadura arloko landare-ekoizpeneko irakasle-ikertzaileak. Zehazki, Mank-en konpostaren kalitate eta ezaugarriak aztertu eta baloratu ditu.

NUPeko ikerkuntza negutegietan egin zituzten entseguak letxuga eta brokoliekin. Emaitza: “frogatu dugu bi labore horietan gero eta konpost gehiago gehituta, landareak orduan eta hobe hazten direla. Loreontziak bakar-bakarrik konpostez beteta zirenean emaitzarik hoberenak lortu dira”. Irigoienek zehaztu duenez, “egindako ikerketaren emaitzen arabera, dudarik gabe esan dezakegu Sakanako konposta guztiz ona dela eta arazorik gabe erabili daitekeela nekazaritzan. Horregatik, erabiltzera animatu nahi zaituztegu. Hala ere, hazitegietan lurrarekin nahastea gomendatzen dugu, ongarri hau gogorregia baita jaioberriak diren landaretxoendako”.

Sakana eredu

Irigoienek gogorarazi du lurreko baliabideak mugatuak direla eta, horregatik, Europako Batasunak zirkulu-ekonomia bulkatzeko zuzentaraua onartu duela. “Alde batetik gailuak eta haien osagaiak inorganikoen bizitza luzatu behar da, erabilera konpartitua eginez, apurtzen direnean berrerabiltzeko konponduz eta, azkenik, konponezina direnean bere materialak birziklatzeko bereiziz. Gai organikoari dagokionez, behin elikagai eta beste gai organikoak kontsumitu ondoren, lurrera bueltatu behar dugu ongarri bezala ahalik eta modu txukunenean”.

NUPeko irakaslearen iritziz, “Mank Nafarroan aitzindaria izan da zirkulu-ekonomiaren garapenean. Azken urte hauetan egin duen lan itzelari esker gaur egun, hondakinen kudeaketari dagokionez Nafarroako emaitzarik onenak lortzen ditu. Sakanan sortzen diren etxeko hondakinen % 54 berreskuratzen dira gainontzeko % 46a zabortegian bukatzen du”. Ibarrak gaur egun Europak  2025erako  eskatzen duen materialen berreskurapen maila lortu duela gaineratu du Irigoienek. “Arrakasta horren gako nagusia Sakanako sukalde eta lorategi gehienetan egiten den elikagaien eta landare hondakinen bereizketa da. Bio-hondakina, bereiz kudeatzen denean, ongarrian erraz bilakatzen da konposta izeneko prozesuaren bidez”. Gaur egun Sakanan konposta egiteko hiru modu daude: etxean egiten dena, auzo-konpostagailuen bidez egiten dena edo Altsasuko 5. edukiontzitik jasotakoarekin hondakindegian egiten dena.

Albiste hau Guaixek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.