Sakana Trenaren Alde plataforma sortu berri dute. Azken informazioen arabera Espainiak Nafarroan egin nahi duen Abiadura Handiko Trenak Sakana guztia zeharkatuko luke alderik alde, eta, herritarrak ez datoz bat aukera horrekin.
Tren publiko eta sozial batek zeharkatzearen alde leudeke. Lurraldea kohesionatuko lukeena eta salgaiak garraiatzeko ere balioko lukeena, Sakanak duen industriarentzako ere baliagarria litzatekeena. Garraiobide jasangarria, herrikoia eta demokratikoaren aldeko jarrera hartu dute.
Sakana Trenaren Alde plataformak mugikortasunari buruzko hausnarketa beharrezkoa dela uste du. Sakana zeharkatzen duen trenbidea badago eraikia, orain ere erabilgarri dagoena. Eta prestatua dagoena gainera trenbide hori zabaldu eta hirugarren errail bat edo Europako zabalera duenera egokitzeko. Baina horrek ez lioke mesederik eginen botere ekonomiko eta enpresariri.
Sakana, tren azkarraren korridore hutsa baino ez da izanen AHTa egiten baldin badute. Hala kritikatu dute. Sakanak beste hesi berri bat izanen luke, egun dituenekin aski ez balitz bezala. Lurraldea kohesionatuko duen trenaren aldeko jarrera hartu dute dagoeneko herritarrek, herritarren zerbitzura egonen den trena. Maiztasun gehiagorekin eta aukera gehiagorekin.
Uharte-Arakilen egin dute Sakana Trenaren Aldeko plataformaren aurkezpena. Sakanako alkate ugari izan dira, herritarrak eta sindikatu zein gizarte eragileetako ordezkariak ere.
Artikulu hau Euskalerria irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.