PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Izquierda Ezkerra eta Ahal Duguren botoekin onartu du ganberak.
Igande arratsaldean, errepide istripua izan zuten Olga Comes preso iruindarraren senideek, Asturiasko Villabonako espetxean bisita egitetik bueltan. Horren karietara, adierazpen instituzionala eraman dute Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarrera Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak.
Adierazpenak hiru puntu ditu. Bakarra atera da aurrera, bigarrena hain zuzen ere, PSNren aldeko botoekin. Bigarren puntu horrek dio Parlamentuan “beharrezkotzat jotzen” duela “espetxe politika berri bat, ekidinen duena zigorra betetzea familiarki zein sozialki erroturik dagoen lekuetatik urrun, hala erraz dadin harremana senideekin eta gertuko pertsonekin”.
Beste bi puntuak, berriz, ez dira onartuak izan, Navarra Sumak ez ezik PSNk ere kontra bozkatu duelako. Lehen puntuan, Parlmentuak “elkartasuna” adierazten zien “urrunketa politikak eragindako istripua pairatu duten Olga Comes preso nafarraren gertuko pertsonei, bai eta urrunketa politika pairatzen duten eta gertuko pertsonak bisitatu ahal izateko ehunka kilometro egitera behartzen dituzten pertsonei ere”.
Atzera bota duten hirugarren puntuak dio foru parlamentuak nahiko lukeela Nafarroako Gobernuak “egin beharreko gestioak egin ditzala, Nafarroan erroturiko pertsona presoek Iruñeko espetxean egoterik eduki dezaten”.