argia.eus
INPRIMATU
Saizarbitoriaren ‘Martutene’ eleberriak irabazi du 111 Akademiaren Saria
  • Ramon Saizarbitoria donostiarraren Martutenek (Erein, 2012) jasoko du 2012ko 111 Akademiaren Saria. Orain arte ‘Beterriko Liburua’ izenez ezagutzen zen aipamen honek urteko euskal libururik onena saritzen du.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 23a
Saizarbitoriak saria irabazten duen bigarren aldia da (Argazkia: erein.com)

Akademiaren 188 kidek eman dute botoa, eta %36,53 jaso du Martutenek. %30 baino gutxiago jaso izan balu, bigarren bozketa txanda beharko zukeen irabazteko, 2011n Harkaitz Canoren Twist (Susa, 2011) eleberriarekin gertatu zen antzera.

Aurten bigarrena Kirmen Uriberen Mussche (Susa, 2012) izan da, botoen %9,61ekin.

111 Akademiaren Sariak bi arrazoirengatik utzi dio ‘Beterriko Liburua’ izateari. Batetik, akademia izaera indartu nahi dutelako. Hau da, irakurleek osatutako elkarte batek ematen du saria. Bestetik, Euskal Herri osoa hartzen dutela nabarmentzeko, hasiera batean Beterriko eskualdera mugatzen baitziren.

1996an eman zuten lehenengoz saria, eta Joxean Agirreren Elgetak (Irun Hiria Literatur Saria, 1996) irabazi zuen. Ramon Saizarbitoriak irabazten duen bigarren aldia da. Izan ere, 2000an Gorde nazazu lurpean (Erein, 2000) eleberriak eraman zuen aipamena.

Maiatzaren 29an jasoko du saria Saizarbitoriak Andoaingo Bastero kulturgunean.

Bestalde, Martuteneren gaztelaniazko itzulpena atzotik da salgai.