argia.eus
INPRIMATU
Saioa Sanchez preso politikoak haurra izan, eta aitari ez diote ama-alabak ikusten utzi
  • Egun osoan instituzio batetik bestera mugitzera behartu ostean, azkenean, Sanchezekin egotea eta jaioberria ezagutzea ukatu zioten atzo haurraren aitari.

Gedar @GedarLangileKZ 2020ko irailaren 03a

Atzo, irailak 2, haurra izan zuen Saioa Sanchez preso politikoak. Berangarra Nantesko kartzelan dute gatibu gaur egun, eta asteartean eraman zuten ospitalera, erditzea zela eta. Gedar Langile Kazetak jakin ahal izan duenez, "ondo" daude ama-alabak. Dena den, haurraren aitari ukatu egin zioten haiek ikustea.

Lehendabizi, COVID-19aren harira hartutako neurriak tarteko, aitak ezin izan zuen erditzean izan. Gero, ospitalean zegoela, esan zioten Nantesko espetxean eskatu beharko zuela umea eta haren bikote Sanchez ikusteko baimena. Antza, horren ostean, baimena Poliziari helaraziko lioke kartzelak.

Nantesko presondegira joan zen orduan jaioberriaren aita, eta handik pare bat ordura jaso zuten kartzelaren baimena ospitalean zeuden poliziek. Dena den, orduan, polizien buruak esan zuen prefeturak eman behar zuela baimen hori, eta ez espetxeak. Aitak kartzelara joan behar izan zuen berriro, prefeturari eskaera egitea galdegiteko. Espetxearen erantzuna, ordea, honakoa izan zen: prefeturara berak jo beharko zuela esan zioten haurraren aitari, administrazio desberdinak direla argudiatuta.

"Prefeturara joatean, ez zekiten zertaz ari nintzaien", adierazi du aitak. E-mail helbide bat eman zioten hara idatzi zezan, baina mezu bat igorri ostean, helbidea gaizki zegoela ohartu zen. Helbidea berriro eskatu behar izan zuen eta beste mezu bat bidali, baina ez zuen erantzunik jaso. Goiz guztia leku batetik bestera igaro ostean, ospitalera itzuli zen aita.

Arratsaldean, poliziek jakinarazi zioten Nantesko presondegiari eskaera egin ziotela, baina ez zutela erantzunik jaso. Aurrerantzean polizia-etxearengana jo beharko zuela esan zioten, baina hara deitu zuenean, "errieta" egin zioten, "hori ez baita leku aproposa gai horietarako", azaldu du haurraren aitak.

Berriro espetxera deitu behar izan zuen orduan, eta telefonoaren beste aldean zegoen pertsonak adierazi dio auto judiziala eskatu beharko zuela Sanchez eta jaioberria ikusteko. "Nire erantzunak gustatu ez zaizkionez, telefonoa eskegi du".

Argazki bidez

Aitak 18:30ean alde egin du ospitaletik, baina bueltatzea erabaki du 19:00etan, "Saioa ikusten ez banuen ere, alaba ikusteko eskubidea aldarrikatzera". "Txakurrak agertu ziren, eta presondegiaren esku egonda jaio denez, baimenik lortu ezean ezin izango nuela ikusi esan zidaten", dio haren aitak.

"Azkenik, errelebo horretan zegoen arduradunetako batek nire telefonoarekin umeari argazki batzuk ateratzea eskaini zidan. Nik onartu nuen, umea ikusteko eta, horrela, Saioak ere jakin zezan ospitalean bueltaka nenbilela, bisita lortzen saiatzen. Ospitalean dagoen bitartean ezin du deirik egin", adierazi du.