argia.eus
INPRIMATU
Sainte Soline: erailtzeko prest lur-munto batengatik
  • Sainte-Solineko uraska inguruko gertakari lazgarriek galdera bat planteatzen dute: nola da posible 200 pertsona baino gehiago zauritzea (bi aldeetan) eta horietatik bik (manifestarien artekoetatik) hil ala biziko larrialdian jarraitzea zergatik eta segurtatzeagatik zulo bat inguratzen duen lur eta hartxintxarrezko muino bat?

Christophe Bonneuil 2023ko apirilaren 03a
Jendarmeak quad motozikletetan manifestariei erasotzen martxoaren 25ean Sainte-Solinen. Argazkia: Les Soulevements de la Terre.

Garai batean, Frantziako landa eremuan zentral nuklearren eraikuntza lanak ziren Estatuak horrela defendatzen zituenak, hortzez eta haginez, eta odola isuriz.  Horregatik da adierazgarria alderaketa. Sainte-Solinen 2023ko martxoaren 23an egin zuten bezalatsu, 1977ko uztailaren 31n pasabidea debekatu zuten Creys-Malvilleko eraikuntza lanen inguruko 5 kilometroetan, Superphenix [erreaktore atomikoa] defenditzeko.  Eta Sainte Solinen bezala, han ere milaka polizia eta militar zeuden erasorako prest, aurretik prefetak eta ministroak beren deklarazio eta aginduekin beldur guztiak kenduta. Ezaguna da orduko emaitza: ehun bat zauritu, horien arteko bi mutilaturik, eta Vital Michalon manifestari gaztea hilik.

Parekotasunetatik harago, bada ezberdintasun harrigarri bat, mende erdi baten tartearekin Estatuak bortizki defenditutako bi azpiegituren artean. Frantziako potentzia nuklearraren izenean eta 1.200 MW-eko goi teknologiazko (hala uste genuen orduan… ‘super-erreaktoreen’ porrota gertatu zen arte) zentral batengatik erailtzea, ulertu zitekeen Estatuararen arrazoi (beldurgarri) baten ikuspegitik. Aldiz, Sainte-Solinen ez zegoen inolako altxor teknologikorik zulo handi baten inguruan eraikitako munto ikusgarriaren barruan, ezta saboteatzeko ezer ere eraikuntza eragotzi zezakeenik. Urratzeko moduko plastiko ziztrin bat ere ez. Handik ziento pare bat metrotara errazki saboteatu ziren hango punpa eta hoditeriak, eta agintariek ez zuten haiek babesteko batere interesik izan. Orduan… zergatik ari ziren ‘ordena-indarretako’ 3.200 agente lur eta hartxintxarrezko zulo bat defenditzen milaka pertsonaren bisita eragozteko udaberriko larunbat batez? Zergatik horrelako alde neurrigabea babesten zituzten ondasunen eta jaurtitako gerra-suaren artean, Barne Ministerioak emandako zifren arabera 4.000 granada bi ordutan, bat bi segundo oro, bat bi manifestarirentzako?

Manifestalariak Sainte-Solineko uraska handiaren muntoa inbaditzen apirilaren 25ean. Argazkia: Les Soulevements de la Terre.

Azken finean, nola ulertu Gobernua prest egotea lur tontor batengatik jendea hiltzeko halako gerra dispositiboa antolatuta eta zauritu larriak ospitalera eramatea eragotziz, frogatu den bezala? Lehen erantzun posiblea aurkitzen da erretreten erreformaren inguruan dagoen batailaren testuinguruan. Barne ministroak aurreko larunbatean egindako deklarazioek iradokitzen zutenez, Sainte-Solineko ‘irmotasunak’ izan behar zuen ohar bat 49,3 dekretuaren ondoren are haserreago protestatzen zuen jendearentzako. Justizia sozialerako itxaropenak metrailatzearen logika honetan, S. eta M. [zauritutako manifestariak] heriotzaren atarian egotea bada Jaka Horien artean eragintako 353 mutilatuei jarraipena egitea. Joan den larunbatean  zientoka zaurituren kontura ‘segurtatu’ zutena izan zen erretreten erreforma, bi urteko bizia lapurtu eta batik bat pobreenak zigortzen dituena, 64 urteetara iritsiko ez direnak, emakumeak eta klase ertain-apalak, lan gehiago egitera behartuko dituztenak.

Bigarren erantzuna datza Gobernuak nekazaritzarako egin dituen hautuetan. 2015etik, Macronen lehen eta bigarren gobernuek baimendu dituzte glifosatoa eta neonikotinoideak horrela deusetan utziz pestizidak erdira murrizteko duela 15 urte azaldutako asmoak  (Ecophyto plana), ezabatu egin dituzte nekazaritza ekologikoarentzako laguntzak, eta milaka milioi euro inbertitu dituzte (Plan France 2030) goi teknologia digitalizatu eta robotizatuzko nekazaritzan, zeinak sekulako abiadan handitu baititzake lur-soroen kontzentrazioa eta ingurumenaren gaineko kalteak.

Logika honetan, Sainte-Solinen [Gobernuaren] helburua zen kritika ororen kontra defenditzea horma baten kontra lehertzera lasterka doan nekazaritza produktibista, neurriz gain kapitalizatua eta landa eremua desertifikatzen ari dena. Odolaren prezioz defenditu zituen eskualde hartako laborarien %6ri baizik mesede egiten ez dieten azpiegiturak, gure ingurumenak jada jasan ezin duen nekazaritza mota hedatzen dutenak, lurpeko urak idortu eta gainerako herritar guztiak urik gabe uzten dituztenak.  Sivensen [Toulouse inguruan eraiki nahi zuten urtegian] 2014an Rémi Fraissek bizia galdu zuenean bezala, lur-munto baten defentsa militarrak lur-lapurretak ‘segurtatzen’ dizkie landa eremuko nagusi berriei: lurren eta uraren pilatzaileei, nekazaritzako elikagaietan nagusi den agro-industriaren interesei, FNSEA [laborarien sindikatu nagusi eta ofizialista] kontrolatzen dutenei eta Nekazaritza ministerioaren politika gidatzen dutenei.

Azken finean, lur munto batengatik Estatuak erail eta mutilatzeko daukan borondateak zentzua hartzen du bizi dugun aro geologiko berriaren argitan. Gure planetaren bizigarritasunaren ibilbidean gertatutako aldaketak ikertzen dituzten zientzialariek proposatu dute Antropozeno hitza. Kontzeptu horrek adierazten du gizakiaren ekintza (zehazkiago, gizadiaren gutxiengo pribilegiodunena) bilakatu dela indar teluriko, Lurraren etorkizun geologikoan eragina duena. Aro berri honen ezaugarria zera da, kliman eta biodibertsitatean eragiteaz gain gizakiaren ekintzek (urtegi handi, mehatze, lur urratze, hiritartzeko obra, lehengaien garraio eta abarrek) lur, sedimentu eta harkaitz gehiago mugitzen dutela haizearen eta uraren natur-indar guztiek baino; aro berriak atera gaitu Holozenotik eta hondamendi geologiko baten neurria duen krisi ekologiko batean sartu. Ikerketek berrikitan kalkulatu dute gure zibilizazio industriak globalizatuaren objektu teknologikoen masa –hasi telefono mugikorretatik eta hormigoiraino– handiagoa dela planetako izaki bizidun guztien artean osatutako masa baino, edo Frantziak 1945etik urratu dituen lurrek gainditzen dituztela 10 giga m3, hau da, Khufuko 4.200 piramide baino gehiago. Lurra kopuru handietan urratu eta lekuz aldatzea da gure garaiaren ezaugarri nagusietakoa. Beraz, lur munto batean irudikatuta Sainte-Solinen ‘ordena-indarrek’ bortizkeriaz defenditu zutena funtsean kapitalaren ahalmena zen, kapitalaren ahalmena indar geologiko bilakatuta zeruak eta lurrak mugitzen jarraitzeko, nahiz eta gaur denek aitortzen duten horrek planetaren hondamendia ekarriko duela.

Beraz, Sainte-Solinen lur pila batengatik erailtzeko prest daudenen hautuak adierazten digu gaur agintean dauzkagunak zeren alde ari diren borrokan: ordenu sozial bide gabe baten alde, lurra bezala gure biziraupena monopolizatu nahi dituen nekazaritza gero eta kapitalizatuago eta industrializatuagoaren alde eta planeta zoratzeko ahalmen geologikoaren alde. Horrek erakusten digu, beraz, premiazkoa dugula planetaren hondamendia eragozteko eta bizidunak zaintzeko ekintzak sustatzea.

Christophe Bonneuil zientzien historialaria eta irakaslea da, gaur egun CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikoen Erakunde Nazionalean ikerketa zuzendaria eta Seuil argitaletxean ‘Anthropocene’ sailaren arduraduna. Uraska handien kontra Les Soulevements de la Terre mugimenduak antolatutako Sainte-Solineko ekintzan egon zen. Artikulu hau jatorriz 'Terrestres’ web aldizkarian plazaratu du, Prêt à tuer pour un tas de terre izenburupean.

"Nola ulertu Gobernua prest egotea lur tontor batengatik jendea hiltzeko halako gerra dispositiboa antolatuta eta zauritu larriak ospitalera eramatea eragotziz?". Argazkia: Ugo Amez.