Pantailak Euskaraz ekimenak "aurrerapauso handi" gisa baloratu du neurria, eta gainontzeko erakundeei dei egin die pausoak ematera.
Donostiako Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek egin du iragarpena euskarazko proiekzioen zerrenda aurkezteko eginiko prentsaurrekoan, Tabakaleran. Aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialeko film guztiak euskarazko azpidatziekin eskainiko dira Kursaalean. Film bakoitza jatorrizko bertsioan emango da, eta hiru hizkuntza ofizialetan ikusteko aukera eskaini, gaztelaniaz eta ingelesez ez ezik, baita euskaraz ere.
Pantailak Euskaraz: "Aurrerapauso handia da"
Zinemaldiarekin izan duten harremanetan, "gauzak aldatzen joateko" eta euskararen presentzia "handitzeko borondatea" eta "jarrera ona" ikusi izan ditu Pantailak Euskaraz ekimenak, eta Rebordinosen iragarpena pozik hartu dute. Hala ere, puntua jarri diote: "Hizkuntza ofizialen arteko oreka oraindik ez da lortu, eta datozen urteetan emanaldi guztiak –Sail Ofizialaz harago badira hainbat sail–, gazteleraz bezala, euskaraz ere ikusi ahal izatea izan behar da helburua".
Pantailak Euskarazek, horrez gain, Euskal Herriko erakundeak interpelatu ditu eta hizkuntz eskubideak bermatzeko pausoak emateko deia luzatu die. "Donostia Zinemaldiak erakutsi du gauzak aldatzeko borondatea izanez gero, eta horretarako behar diren baliabideak bideratuz, aurrerapausoak ematea posible dela".