Zaballako espetxean urri bukaeran hil zen emakumea aurten kartzela horretan hildako bosgarren presoa da, eta berriro ere salaketa egitera atera dira kalera, heriotza saihestu zitekeela aldarrikatzeko eta hainbeste heriotza eragiten dituen espetxe politika kritikatzeko.
Arabako Salhaketak deituta, elkarretaratzea egin dute Gasteizen, “Arabako kartzelan inpunitaterik ez” lelopean. Emakumeak patologia larriak zituen diagnostikatuta eta horregatik baldintzapeko askatasunerako eskubidea zuen, baina ez zuen plazarik lortu inongo baliabide soziosanitariotan eta, ondorioz, ez zuen askatasuna eskuratu.
Urri amaieran hil zen, baina bi aste beranduago eman zuten heriotzaren berri. Salhaketak gogor kritikatu du “heriotzak ezkutatzeko espetxe erakundeek darabilten politika sistematikoa”.
Aurten bost pertsona hil dira Zaballan, 2019ko kopurua berdinduz. 2020an gutxienez 125 dira Espainiako Estatuko espetxeetan hil diren presoak. “Zer gertatzen da? Zergatik ezkutatzen dituzte heriotza hauek? Zergatik ez dira erantzukizunak eskatzen edo, gutxienez, ikertzen? Gauza bera gertatuko litzateke biktimak beste batzuk izango balira? Onar al daitezke heriotzak zigorgabetasunean geratzea Estatuko erakunde batean, hau da, espetxe-erakundeetan?”, adierazi izan du elkarteak.