argia.eus
INPRIMATU
Sahararren aurkako Espainiako Gobernuaren erabakia salatu dute kaleetan
  • Mobilizazioak egin dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian astearte arratsaldean, “Espainiako Gobernua: kolonialista eta traidorea” lelopean. Iruñean asteazkenean egingo dute elkarretaratzea.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 23a
Bilboko mobilizazioaren irudia. Argazkia: Ecuador Etxea.

Ehunka pertsona batu dira Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidearen alde eta Espainiako Gobernuaren azken erabakiaren aurka. Bilbon komunikatu bateratua irakurri dute Saharako Ordezkaritzak, Elkartasun Mugimenduak eta Saharako Diasporak. “Marokoren xantaiaren aurrean egindako lagapen onartezinaren aurrean gaitzespena adierazten dugu eta Euskal Herrian geure egiten dugun gatazka hau behin betiko konpontzeko eskatzeko dugu”, adierazi dute.

Espainiaren erantzukizuna

Gogoratu dute Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeko zain dagoen herrialdea dela NBEren arabera, horrek autodeterminazio eta independentzia eskubidea aitortu diola, eta Espainia dela lurraldearen “potentzia administratzailea”. Espainiako Gobernuak “bere erantzukizuna bertan behera utzi” duela salatu dute: “Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioa babestean, Espainiako Gobernuak eta sostengatzen duten alderdiek lege-estaldura ematen diete nazioarteko erakundeek salatutako giza eskubideen urraketei eta haien baliabide naturalen espoliazioari”.

Alderdien adierazpenak

Bilboko mobilizazioan Eusko Jaurlaritzako, EAJko, EH Bilduko eta Elkarrekin-Podemoseko ordezkariak izan dira, besteak beste. Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak atzo adierazi zuen Saharako gatazkari irtenbidea eman behar zaiola NBEk ezarritako bidetik. Arnaldo Otegik, “hipotesi” gisa, iradoki zuen litekeena dela Espainiako Gobernuak Maroko, Frantzia, Alemania eta AEBekin lerrokatzeko hautua egin izana. Elkarrekin-Podemosetik Espainian gobernukide dituzten PSOEren “aldebakarreko jarduera” salatu dute, jarrera aldaketa “traizioa” dela salatuz.