argia.eus
INPRIMATU
‘Saharari kantari’ diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian
  • Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu behar gogoratu du emanaldiaren bultzatzaile Kristina Berasainek.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 06a
'Saharari kantari' diskoaren azala.

Sahararrekin bat egiteko kontzertu solidarioa egingo dute Donostiako Kursaalean abenduaren 22an. Hitzordua 20:00etan izango da, eta Saharari kantari diskoaren “kontzertu bakan eta ahaztezina” izango dela aurreratu du kazetari eta emanaldiaren bultzatzaile Kristina Berasainek.

“Ez da ahaztu behar sahararrak gerran daudela. Euskal Herritik beti egon da konpromiso handia Sahararekin, baina orain arte ez da halakorik egin”, azpimarratu du Berasainek. Kontzertu “solidarioa” izango dela nabarmendu du, “kulturatik kulturara keinua egiteko”. Saharako kultur ondarea babesteko erabiliko dute bildutako dirua.

Ondorengo musikari eta taldeak izango dira oholtzaren gainean: Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Bea Asurmendi, Idoia Asurmendi, Jon Maia, Iker Lauroba eta Postal Kolekzionistak eta Physis versus Nomos taldeak. Halaber, emanaldi berezi bat egingo dute artista saharar Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik.

Sarrerak erosi nahi ezkero, Kursaalaren webgunean daude eskuragarri, 25 eta 30 euroan.