argia.eus
INPRIMATU
Saharar herria babes dezala eskatuko diote NBEri, gutun bidalketa masibo batekin
  • Mendebaldeko Sahararentzako Minurso misioa berritu ala ez erabakiko du nazioarteko erakundeak apiril amaieran. CEAS-Saharak Segurtasun Kontseiluko kideei eskatu die “beren erantzukizunarekin” konpli dezatela.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko apirilaren 20a

Duela ia hiru hamarkadatik Mendebaldeko Saharan diharduen Nazio Batuen Erakundeko misioak, Minursok, beste luzapen bat ala ez izango ote duen ikusgai dago, apirilaren amaieran elkartuko baita erakundearen Segurtasun Kontseilua. Horren harira, Espainiako Estatuko CEAS-Sahara koordinadorak gutun bidalketa masiboa hasiko du kontseilua osatzen duten gobernuei zuzenduta, bai sarea erabilita, bai zuzenean ere.

Sahararen deskoloniazioaren aldeko erakunde solidarioen koordinadorak NBEri eskatu dio konplitu dezala 1975etik konpondu gabe dagoen deskolonizazio prozesuarekin eta egin dezala behingoz independentzia erreferenduma. Koordinadora oso kritiko azaldu da Minursorekin, “sortu zenetik 26 urtez geroztik ez du bere helburu nagusia bete, erreferenduma antolatzea”.

Baina NBErekiko kritikak harantzago doaz saharar herriaren alde lanean ari direnen artean, 1991n sorturiko misioak ez baitu bere gain hartu herrialde horretan maiz izaten diren giza eskubideen urraketen inguruko ikuskaritza.

Errepresioa beste behin Aaiun-en

Azken egunotan istiluak izan dira Aaiun hiriburuan preso politikoen askapena eskatzeko manifestazioetan. Apirilaren 15ean, esaterako, hainbat zauritu izan ziren poliziaren errepresioaren ondorioz Gdeim Izik-eko gertaerengatik egiten ari diren epaiketaren harira.

2010ean Mendebaldeko Saharako kanpamendu hartan izandako gertaerengatik –kanpo erakundeen esanetan ehundik gora hildako eta milaka zauritu utzi zituzten poliziaren asaltoak eta ondorengo Aaiun hiriko pertsekuzioek– atxilotutako 24 sahararren kontrako auzia martxoan berrabiarazi zuen Rabateko apelazio auzitegiak, baina maiatzera arte eten dute tentsio uneen ostean.

Auzi horretan epaitua izan behar zuen, hain justu, Euskal Herrian bizi den Hassanna Aaliak, hasieran Espainiak asiloa ukatu eta Cear-Euskadik jarritako helegite baten ondoren errefuxiatu izaera onartu zaion herritarra.

Bestetik, Equipe Mediak jaso duenez, langabeturiko sahararrek asteartean egin zuten manifestazio baten kontra gogor oldartu zen berriz ere polizia Aaiunen. Ez da lehen aldia kolektibo honek protesta entzutetsuak egiten dituela, joan den martxoaren 24an Fosbucraa konpainiaren autobus bat okupatu zuten euren lan-marjinazioa salatzeko eta modu basatian desalojatu zituzten, bideo honetan ikus daitekeen bezala: