argia.eus
INPRIMATU
Mendebaldeko Saharan hamalau hobi komun identifikatu dituzte
  • Hamalau hobi identifikatu eta infografia bidez aurkeztu dute Saharako hobien mapa. Hegoa Fundazioak, Aranzadik eta Euskal Fondoak 2010ean Mendebaldeko Saharako giza eskubideen urraketak ikertzeko abiatutako lanaren emaitza da eta ekainaren 29an azaldu dute Donostiako San Telmo Museoan.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 30a
(Argazkia: diario16.com).

Gaur arte saharar herriak jasan dituen bortxen inguruko azterketa egitea izan du helburu lan honek, eta argitara ateratzea desagertuei eta hobi komunei buruzko informazioa. Hala adierazten du Carlos Beristain ikerketako buruak Berria egunkarian. Hamalau hobi identifikatu ahal izan dituzte orotara: hiru Marokon, zazpi okupatutako lurretan eta lau Saharako gainontzeko lurretan. Lotura honetan ikus daiteke infografia.

Ezkutuko Atxilotze Zentroetatik bizirik ateratzea lortu zuten hainbaten lekukotasunek lagundu diete ikerlariei hobi komunak mapan kokatzen. Kritika gogorrak egin dizkio Beristainek Marokoko Gobernuari, "trabak jartzen" ari dela, "gezurra" esaten ari dela. "Hobi askoren berri dugu, eta badakigu nortzuk dauden han lurperatuta, baina ezin dugu frogatu, ezin baikara hara hurbildu", dio ikerketa buruak.

Lana ez da osteguneko aurkezpenarekin bukatu, ordea. Mapa osatzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute, hobiak ikertzen eta gorpuak identifikatzen jarraitzeko asmoa dutela.

Saharako emakumeak

Infografiaz gain, 'Lurralde okupatuan. Mendebaldeko Saharako emakumeen memoria eta erresistentziak' ikerketaren aurkezpena ere egin dute San Telmo Museoan Irantzu Mendia Azcuek eta Gloria Guzmán Orellanak. Adierazi dutenez 'orain dela berrogei urtetik baino gehiagotik Saharako emakumeek bizi dituzten giza eskubideen urraketak dokumentatzeko lanean laguntzeko helburua du, emakumeen ikuspegi eta esperientzietan oinarritutako eta bertatik abiatutako irakurketaren bitartez'.