argia.eus
INPRIMATU
Saharako su-etenaren auzirako NBEaren laguntza eskatu du Rabatek
  • Azaroaz geroztik berriz gogortuz doan Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko gatazkaren baitan, alde bakoitzak bere interesen araberako eskariak egin dituzte. Marokok Nazio Batuen Erakundearen eskuhartzea eskatu du 1991n Fronte Polisarioarekin adostutako su-etenaren auzirako.  SEADek dio prest dagoela beste aldearekin elkartzeko, okupazioa amaitu dadin.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 08a
Nasser Bourita, Marokoko Atzerriko ministroa

Berria egunkariak aditzera eman duenez, Nasser Bourita Marokoko Atzerriko ministroak esan du NBEak adierazi behar duela nork urratu duen menia azaro erdialdetik hona –Fronte Polisarioak ala Rabaten armadak–. Nazioarteko erakundeak apirilaren 21ean egingo duen bilkurara begirako eskaria izango litzateke –egun horretan elkartuko dira berriz Segurtasun Kontseiluko kideak Mendebaldeko Sahararen auziaz aritzeko–.

Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko tentsio militarrak azaroaren 13an nabarmen egin zuen gora. Rabat herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guegueraten izeneko eskualdera Marokok militarrak bidali zituenean. Urriaren 21etik hamarnaka manifestari ziren protestan autodeterminazioari buruzko erreferenduma exijitzeko, inguruko errepide bakarra trabatzen. Brahim Ghali Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak "gerra egoera" ezartzea erabaki zuen, 1991ko su-etena bukatutzat emanda. Fronte Polisarioa erasotzen hasi zen berriz baina Marokok beti ukatu izan du erasorik jaso duenik edo bere soldaduak hil direnik.

Salem Uld Salek Mendebaldeko Saharako Atzerri ministroak azaroko gertakariak Mendebaldeko Saharako gatazka "hasierako puntuan" jarri duela deitoratu du. Salekek meniaren urraketaren inguruan ere hitz egin du, NBEren partetik ekintza eta salaketa eza egon dela salatuz. Apirileko bilkuran nazioarteko erakundean eserleku bat izatea eskatu du estatu kide bezala.

Bitartean, Senegalek Mendebaldeko Saharan dagoen Dakhlan ireki du bere kontsulatua. 21 herrialdek egin dute hori Mendebaldeko Saharan. Amerikekako Estatu Batuek, Donald trumpen garaian Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortu zioten Marokori, eskualde autonomo bilakatzera deituz eta oraingoz Joe Bidenek ez du bestelako adierazpenik egin.